IRUDIAK ATERATZEA Leku publikoetan argazki eta bideoak egin daitezke, salbu arrazoiren bategatik (segurtasunagatik, adibidez) debekatuta badago. Kontuan izan ez dela trabarik egin behar. Argazki eta bideoetan pertsonak ageri badira, baimena eskatu behar zaie argazkiak eta bideoak egiteko eta argitaratzeko.
MUSIKA TXERTATZEA Bideo bati musika jartzeko, musikaren eskubideen titularren baimena behar da. Baimena eskubideak kudeatzen dituzten erakundeek ere eman dezakete; adibidez, SGAE, SEDA, AGEDI eta AIEk. Zure musika egin edo Interneten legez eskura dagoen musika erabil dezakezu; Interneteko musikak Creative Commons edo beste lizentzia baten bitartez erabiltzeko baimendua izan behar du. Bideoak erabiltzeko baldintzak ongi irakur itzazu.
BIDEO BATEAN IRUDIAK JARTZEA Bideo batean honako hauek jar ditzakezu: a) ZUK EGIN EDO ATERATAKO IRUDIAK b) BESTE PERTSONA BATZUEK EGIN EDO ATERATAKO IRUDIAK
Egilearen baimenarekin Irudiak erabiltzeko baimena zuzenean argazkilariari edo eskubideen titularrari eska diezaiokezu.
Creative Commons lizentzia batekin Lizentziaren sinboloei ongi begira iezaiezu, zer egin dezakezun jakiteko. Irudiarekin batera Creative Commons lizentziaren sinboloa eta egilearen izena jarri behar dira.
Egile-eskubiderik ez duten irudiak Babes-epea iraungia duten irudiak libre erabil daitezke. Marrazkien eta argazki-lanen babes-epea 70 urtekoa da, egilea hildako urtearen amaieratik kontatzen hasita. Argazki soilen babes-epea 50 urtekoa da, argazkia hartutako unetik kontatzen hasita.
LAN PERTSONAL BATEAN BIDEO BAT SARTZEA Lan pertsonal batean bideo bat edo bideo-zati bat erabiltzeko, baimena behar da, aipu-mugaren arabera zatiren bat jar ez badezakezu behintzat. Baimena egileari edo egile-eskubideen titularrari (adibidez, ekoizleari) eskatzen zaio. Gerta daiteke baimena Creative Commons lizentzia baten bitartez eman izana. Bideoak erabiltzeko baldintzak ongi irakur itzazu.
Gogoratu bideoan egilearen datuak aipatzea, eta baita erabiltzen dituzun irudi, bideo eta musikaren egileak ere.