Jabetza Intelektualari buruzko Legeari jarraituz, legezkoa da obra propio batean sartzea inoren idatzizko, soinuzko edo ikus-entzunezko obren pasarteak, bai eta izaera plastikoa edo fotografiko figuratiboa duten obra bakartuak ere, betiere obrak lehendik jendarteratuak badira eta aipu gisa edo haien azterketa edo iruzkina egiteko edo iritzi kritikoa emateko sartu badira. Erabilera hori irakaskuntzan edo ikerketan egin ahal izango da bakarrik, txertatze horren xedeak justifikatzen duen neurrian eta erabilitako obraren izena eta egilea aipatuz. Aipu-eskubidea, duen izaera dela eta, obra zientifikoetan eta irakaskuntzaren esparruan erabiltzen da, oro har, baita beste norbaiten obren kritikak egiteko ere. Irakaskuntza- edo ikerketa-helbururik egon ezean, baimena lortu beharko da.
Jendarteratutako obrak baino ezin dira aipatu, hau da, egileek nolabait publikoaren eskura jarritako obrak. Aipuak lotura nabarmena izan behar du aipua erabiltzen deneko obrarekin.
Oro har, esan daiteke aipua ezin dela oso luzea izan, zati batera mugatu behar dela. Obra bat aipatzean, beti aipatu behar da aipuaren iturria, hau da, oro har, egilearen izena eta iturri den obra.
More