BESTE BATZUEK SORTUTAKO EDUKIA ERABILTZEA Zure blogean beste pertsona batek sortutako edukia jarri nahi baduzu (prentsako artikuluak, bideoak, irudiak…), egilearen edo egile-eskubideen titularraren baimena behar duzu.
Gerta daiteke egileak bere irudi edo obra aldatzea baimendu izana, Creative Commons lizentzia batekin. Lizentziaren sinboloei begira iezaiezu, obra nola erabil daitekeen jakiteko. Irudiarekin batera Creative Commons lizentziaren sinboloa eta egilearen izena jarri behar dira.
Argitaratutako obra batetik aipuak har daitezke, aipu-mugan zehaztutako baldintzak betez gero: dagoeneko argitaratutako obren zatiak erabil ditzakezu (irudiak izan ezik), aipu, analisi edo iruzkin bat egiteko edo iritzi kritiko bat emateko bada, betiere irakaskuntza- edo ikerketa-helburuarekin. Gogoratu egilea eta iturria aipatu behar dituzula.
Aipuak komatxoekin eta erreferentzia bibliografikoarekin adierazten dira. Interneten dauden materialetarako esteka zuzena jar daiteke, betiere baimenarekin. Beste webgune batean materiala jartzeko, oro har, egilearen edo eskubideen titularraren baimena behar da.
IRUDIAK ERABILTZEA Zure blogean hauek erabil ditzakezu:
a) Zuk egin edo ateratako irudiak. b) Beste pertsona batzuek egin edo ateratako irudiak.
Egilearen baimenarekin
Creative Commons lizentzia batekin
Egile-eskubiderik ez duten irudiak Babes-epea iraungia duten irudiak libre argitaratu eta erabil daitezke.
Egile-eskubideen murrizketarekin Erreseina baten testuan (arte-erakusketa baten erreseinan, adibidez), informazioarekin zerikusia duen artelanen baten irudia jar dezakezu. Aktualitateko gertakarien berri emateko, ikus edo entzun daitezkeen obrak kopiatu, banatu eta publikoki komunikatu daitezke, baina helburu informatibo horrek justifikatzen duen heinean bakarrik.
Parke, kale, plaza eta gainerako bide publikoetan dauden artelan iraunkorren argazkiak atera eta blog batean jar daitezke.
EGILEAREN IZENA IKUSTEKO MODUAN JARTZEA Beste pertsona batzuek egindako obrak (adibidez, irudiak, idazkiak eta bideoak) argitaratzean, egilearen izena aipatu behar da.
OBRA BAT ALDATZEA Obra bat aldatu nahi izanez gero, hau da, irudi bat prozesatu nahi baduzu, adibidez, egilearen baimena behar duzu. Gerta daiteke egileak bere irudi edo obra aldatzea baimendu izana, Creative Commons lizentzia batekin. Begira iezaiezu lizentziaren sinboloei, ea aldatzeko baimena ematen duten. Irudiarekin batera Creative Commons lizentziaren sinboloa eta egilearen izena jarri behar dira.
BESTE KONTU BATZUK Zure idazkiak sare sozialetan argitaratzea.
Sare sozialetan zure blogerako esteka bat jar dezakezu.
Hala ere, kontuan hartu beste pertsona batzuek egindako argazki, bideo edo idazkiak sare sozialetara igotzeko, obra horiek sare sozialetan argitaratzeko baimena behar duzula. Sare sozialetan obrak argitaratzen badituzu, haien zehaztapen eta baldintzak kontsultatu behar dituzu. Batzuetan, zehaztapen eta baldintza horietan, igotzen dituzun obren eskubideen lagapenak egoten dira jasota, eta kontuan hartu behar dituzu.
Pertsonen irudi edo bideoak argitaratzea.
Pertsonak ageri diren irudi edo bideoak argitaratuz gero, ez da pertsona horien intimitatea eta ohorea urratu behar. Argazkiak eta bideoak egin eta argitaratze- ko, haietan ageri diren pertsonei baimena eskatu behar diezu.
Argitaratu aurretik, pentsatu gustatuko litzaizukeen zeure burua tankera horretako lanen batean topatzea.