Istorio

EGILE ESKUBIDEEN IKASGELAKO MISTERIOA

(Tuutikki Tolonen-ek idatzia)

Gelako atean jo dute. Ikasleek soinua datorren lekura begiratu dute. Gizon txiki bat dago atean, ezin bitxiago jantzita.

—Barkatu, nor zara zu? —galdetu dio irakasleak, harrituta.

Gizon heldu berriak zorrotz begiratu die ikasleei.

—Egile-eskubideen jauna naiz —erantzun dio.

—Nola esan duzu? —galdetu dio irakasleak. Norbaitek barre egin du, isil-misilka.

Gizonak ofiziala dirudien intsignia bat atera du bularreko poltsikotik, eta airean astindu du.

—Egile-eskubideen jauna naiz. Gela honetan, konpondu beharreko arau-hauste bat gertatu da. Zehazki, arau-hauste bat baino gehiago.

Denak isilik geratu dira.

—Arau-hauste bat baino gehiago? —errepikatu du irakasleak, ahapeka.

—Bai. Eta erruduna hementxe dago.

Ikasleek elkarri begiratu diote. Jaunak gaineratu du:

—Beste hitz batzuetan esanda, gela honetako norbaitek ez du jabetza intelektualari buruzko legeria ezagutzen, edo, are okerrago, ez zaio piperrik inporta.

—Nork, ordea? —xuxurlatu du irakasleak.

—Horixe aztertzera etorri naiz —erantzun dio gizonak.