(Tuutikki Tolonen-ek idatzia)
Egile Eskubideen Ikasgelako Museoan film zaharren erakusketa bat inauguratu dute. Ana eta Josuren gelakoak museoan ikuskizun bat ikustera gonbidatu dituzte. Museora heldu direnean, ordea, poliziaren auto bat ikusi dute atean. Zer gertatu ote da?
Gelakideak dudatsu sartu dira museoan. Atondoan, museoko gidari bat polizia-agente bati azalpenak ematen ari da, urduri: —Film zaharren zinta guztiak lapurtu dituzte! Lapurren batek atzeko atearen ondoan zegoen kutxatik hartu ditu, nik entzunaretora aulkiak eramaten nituen bitartean.
—Egin diezaiogun begiratu bat kutxa horri —proposatu du poliziak.
Gidaria eta polizia atzeko atera bidean desagertu dira.
—Zer egingo dugu orain? —galdetu dio Irisek irakasleari.
—Eskolara itzuli beharko al genuke? —gaineratu du Mariok.
Irakaslea pentsakor dago.
—Pixka batean itxarongo dugu. Beharbada zintak aurkituko dituzte. Eraman berokiak arropategira eta itzuli hona.
Ana joan da arropategira, eta hura ustekabea! Loro bat dago esekitokian eserita!
—Hara, begira! Denbora asko ote darama hor eserita? —esan dio Anak Josuri.
Josuk loroari begiratu, eta erantzun dio:
—Lepoa egingo nuke lapurretaren lekuko bakarra dela. Zoritxarrez, ezin digu ezer kontatu.
Loroak haurrei begiratu die, begi beltz distiratsuekin.
—Agian bai —xuxurlatu du bat-batean, ahots zakarrarekin.
—Zer? —oihu egin dute Anak eta Josuk—. Hitz egiten al duzu?
—Zer iruditzen? —erantzun die loroak.
—Bale, nork eraman ditu zintak? —galdetu dio Josuk.
—Informazioa informazioaren truke, erantzun bat beste erantzun baten truke —esan du loroak, karranka.
—Zer esan nahi du horrek? —galdetu dio Anak.
Loroak Anari adi-adi begiratu, eta erantzun dio: —Egile-eskubideen loroa naiz.
Zuek galdetu eta nik erantzun egingo dizuet. Erantzuna zuzena bada, letra bat jasoko duzue. Letrek esango dizuete zintak nork lapurtu dituen.
Ia ikaskide guztiak loroaren inguruan pilatuta daude. Haurrek elkarri begiratu diote. —Ados. Emaguzu lehen lana! —esan du Josuk.