Egile-eskubideak menderatzeko autoikaskuntzarako argibideak

Irakasle zaren aldetik, hiru funtziotan aurkitzen dituzu egile-eskubideak lanean: egile gisa, obren erabiltzaile gisa eta egile-eskubideei buruz irakasten duen irakasle gisa. Egile Eskubideen Ikasgelako materialen laguntzaz, egile-eskubideak modu ludiko eta dibertigarrian ikas ditzakezu, eta egile-eskubideak irakasteko tresnak lortu.

Autoikaskuntza-gida honekin, egile-eskubideei buruz ikas dezakezu modu independentean. Egile-eskubideei buruzko materialen multzoa zure ikasketen partetzat, irakasleen etengabeko prestakuntzatzat edo nahitaezko prestakuntza-eguntzat jo daiteke. Galdetu zure ikastetxean edo enpresan zein den zure lantokiko egoera.

Egile Eskubideen Ikasgelaren webgunean erregistratzean, lorpen partzialak zeure profilean gorde ahal izango dituzu, eta, azkenik, egile-eskubideei buruz duzun ezagutzaren diploma inprimatu ahal izango duzu.

Lehenik eta behin, ebaluatu egile-eskubideei buruzko hasierako zure ezagutza, autoebaluazio-formularioaren bidez.

Zorte on egile-eskubideen mundura egin duzun bidaian!

A. EGILE-ESKUBIDEAK IKASTEA

  1. Egile-eskubideei buruzko ezagutzak

    • Ezagut itzazu egile-eskubideen oinarrizko termino eta kontzeptuak.
    • Pentsa ezazu zer motatako obrak dauden babestuta, nork lortzen duen babesa, zer esan nahi duten egile-eskubideek, zer eskubide lortzen dituen egileak eta zergatik den garrantzitsua egile-eskubideak errespetatzea.
    • Irakurri egile-eskubideen gida eta “Egile-eskubideek sormen-lana babesten dute” materiala, eta ikusi bideoa: Zer dira egile-eskubideak?
    • Halaber, informazio gehiago aurki dezakezu Egile-eskubideei buruz www.auladerechodeautor.org webgunean.
    • Proba itzazu zure ezagutzak galdetegiaren jokoarekin.

  2. Obrak erabiltzeko eta informazioa bilatzeko trebetasunak

    • Azter ezazu nola erabil daitezkeen zenbait motatako materialak irakaskuntzan, nola txerta daitezkeen obrak norberaren materialean eta irakaskuntza-arloko proiektuetan, nola parteka edo argitara daitezkeen lanak, eta nola edita eta alda daitezkeen obrak.
    • Ezagutu ikastetxeentzako lizentzien soluzioak eta Creative Commons lizentzia, Egile Eskubideen Ikasgelako materialen eta www.auladerechodeautor.org webgunearen bidez. Errepasatu egile-eskubideen gida (18-27 or.), proiektu bat egiteko materiala, Egile Eskubideen Ikasgelaren laburpenak, iturriak aipatzeko arauak eta ikusi obren erabilera bideoa.
    • Jakin ezazu zer eskubide lor ditzakezun zeure materialarekin. Aztertu zer motatako lanak egon daitezkeen babestuta.
    Ikaslearen ekoizpen pertsonalerako ibilbideko materialarekin ikasi informazioa bilatzeko trebetasunak eta aipuak hartzen eta iturriak aipatzen.
    • Programatu eta egin zeure material didaktikoa aukeratzen duzun gaiari buruz; adibidez, prestatu ariketa-eskola bat.
    • Probatu zure trebetasunak zuzena ala okerra jokoekin eta bingoarekin.
  3. Egile-eskubideak irakastea

    Egile-eskubideen oinarriak ulertzea eta aplikatzea eta egile-eskubideak errespetatzea irakaskuntzako eta ikasgaietako maila guztietako alfabetizazio anitzaren parte da. Halaber, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera arduratsua ikasketa-plan berrien helburu eta edukien barruan dago.

    • Kontsultatu Egile Eskubideen Ikasgelako irakaslearen pedagogia-gida.
    • Kontsultatu eskola guztietarako material eta aholku didaktikoak.
    • Programatu eskola bat egile-eskubideei buruzko ezagutzak irakasteko.

B. EGILE-ESKUBIDEEI BURUZKO EZAGUTZEN AZKEN AZTERKETA

Praktikatzeko hiru jokoak gainditu ondoren (galdetegia, zuzena ala okerra, eta bingoa), zure ezagutzak probatzeko aukera izango duzu azken azterketan. Azken azterketa gainditzen duzunean, diploma bat jasoko duzu, eta inprimatu ahal izango duzu edo zeure profilean gorde.

Azkenik, bete autoebaluazio-inprimakia. Hausnartu nola garatu zen egile-eskubideei buruzko zure ezagutza lanean ari zinen bitartean.

Zorionak! Egile-eskubideen material multzoa gainditu duzu.