Creative Commons lizentzia

Creative Commons lizentzia da lizentzia ireki ohikoenetako bat. Egileak bere obra erabiltzeko baimena eman dezake Creative Commons lizentzia batekin (CC lizentzia). Kasu honetan, obraren ondoan agertzen den CC lizentziaren sinboloak obra hori nola erabil daitekeen adierazten du. Egileak bere obraren egile-eskubideak gordetzen ditu. Erabilera-eskubideak baldintza jakin batzuetan soilik lagatzen ditu. Egileak baimendua izan dezake obra bere horretan erabiltzea, bai eta obra hori aldatzea, banatzea edo hari erabilera komertziala ematea ere. Obra batek CC lizentzia-baldintza bat edo gehiago izan ditzake.

Creative Commons lizentzia duen materiala erabili aurretik, garbi izan behar duzu egileak zer baldintza ezarri dituen material hori erabiltzeko. Erabiltzaile zaren heinean, zure ardura da obra hori erabiltzeko modua baimenduta dagoela bermatzea. Irudiarekin edo obrarekin batera, egilearen izena edo izenordea, obra horretan erabilitako CC lizentzia eta jatorrizko lanerako esteka jarri behar dira.

CC-BY – Obra libreki erabili, banatu eta aldatu daiteke, baita helburu komertzialekin ere. Jatorrizko obraren egilearen izena aipatu behar da.

CC-BY-ND – Obra libreki erabili eta banatu daiteke, baita helburu komertzialekin ere, baina ezin da aldatu. Adibidez, irudi bat moztea eta testu bat itzultzea lizentzia honekin gauzatu ezin diren aldaketak dira.

CC-BY-NC – Obra libreki erabili, banatu eta aldatu daiteke, baina ezin da helburu komertzialekin erabili.

CC-BY-SA – Norberaren obra batean CC-BY-SA lizentzia duen  obra erabiltzen bada, norberaren obra hori jatorrizko obra banatu zen baldintza berberetan banatu behar da Interneten.

CC0 – Obra libreki erabili, aldatu eta banatu daiteke, baita helburu komertzialekin ere. Egileak bere obra erabilera librerako laga du, eta ahal duen neurrian uko egin die egile-eskubideei.

CC lizentziaren sinboloei buruzko eta CC lizentziaren erabilerari buruzko informazio gehiago creativecommons.org webgunean.

Hala ere, kontuan hartu behar da Interneten badela CC lizentzia batekin legez kanpo partekatutako materiala ere. Azken batean, erabiltzailearen ardura da erabileraren legezkotasuna bermatzea eta obra lizentziaren baldintzen arabera erabiltzea.

Creative Commons lizentzia duen materiala erabili aurretik, garbi izan behar duzu egileak zer baldintza ezarri dituen material hori erabiltzeko.