Argazkiak egitea

Oro har, bide publikoan beti egin daitezke argazkiak, zerbaitengatik hori egitea debekatua ez badago behintzat.

Espazio pribatuetan, norbaiten etxean, adibidez, ezin da argazkirik egin jabearen baimenik gabe. Leku publiko guztietan ere ez dago baimenduta argazkiak egitea; hala, ospitale, bulego, ministerio edo museo batzuetan ezin da argazkirik egin. Espazio baten jabeak ere  debeka dezake bere espazioan (adibidez, arte-museo batean) argazkiak egitea. Hala eta guztiz, argazkiak egiteko debekua ez da Jabetza Intelektualari buruzko Legean oinarritzen.

Bide publikoan, argazkiak atera dakizkieke bertan modu iraunkorrean dauden eraikin edo artelanei. Eraikin bat ere izan daiteke egile-eskubideen babespean dagoen obra. Egile-eskubideen babesa duen eraikin bati libreki atera dakizkioke argazkiak, eta argazki horiek banatu edo publikoki komunikatu ahal izango dira. Beraz, eraikin bati egin diozun argazkia erabiltzeko, ez da beharrezkoa eraikinaren jabearen baimena.

Jabetza Intelektualari buruzko Legea, 35.2 art.

Leku publiko batean modu iraunkorrean dagoen artelan bati (estatua, pintura, etab.) libreki atera dakizkioke argazkiak.

Jabetza Intelektualari buruzko Legea, 35.2 art.

Aktualitateko gertakarien berri emateko, ikus edo entzun daitezkeen obrak kopiatu, banatu eta publikoki komunikatu daitezke, baina helburu informatibo horrek justifikatzen duen heinean bakarrik. Adibidez, erakusketa baten inaugurazioa dela-eta pertsona bati erreportaje edo elkarrizketa bat egitean, erakusketa horretako koadroen edo eskulturen irudiak hartu ahal izango dira.

Jabetza Intelektualari buruzko Legea, 35,1. art.

Irudi-eskubideak

Argazkian agertzen den pertsonak ez du jabetza-eskubiderik argazkiaren gainean. Jabetza Intelektualari buruzko Legeak ez dio eskubiderik ematen erabakirik hartzeko argazkia erreproduzitzeari edo jendeari kopia bat banatzeari buruz. Eskubide horiek argazkilariari dagozkio.

Hala ere, pertsona bati argazkia ateratzeko, oro har, haren baimena behar da.

1/1982 Lege Organikoa, maiatzaren 5ekoa, Ohorerako, Norberaren eta Familiaren Intimitaterako eta Norberaren Irudirako Eskubidearen Babes Zibilari buruzkoa, 7. artikulua.

Irudiak argitaratzea

Argazki bat egitea eta hura argitaratzea ez dira gauza bera. Irudi bat argitaratzean, ez da inoren ohorea edo intimitatea urratu behar. Pertsona baten irudia ere datu pertsonaltzat jo daiteke. Adibidez, Interneten ezin da datu pertsonalik argitaratu pertsona horren baimenik gabe.

Argazki batean identifika daitezkeen pertsonak agertzen badira, pertsona horiei baimena eskatu behar zaie argazkia egiteko eta argitaratzeko. Adingabeen kasuan tutoreen baimena ere behar da argazkia argitaratzeko.

Ez da zilegi pertsona baten irudia marketinean eta publizitatean erabiltzea irudiko pertsonaren baimenik gabe. Pertsona baten irudia publizitatean haren baimenik gabe erabiltzen bada, erretratatutako pertsonak konpentsazio bat eska dezake irudi hori erabiltzeagatik.

Legeak mundu guztiaren intimitatea eta ohorea babesten ditu. Pertsona baten bizitza pribatuko irudi bat baimenik gabe argitaratzen bada, eta egintza horrek irudiko pertsonari kaltea eragin badiezaioke edo irudiko pertsonari zuzendutako mespretxua eragin badezake, irudi hori argitaratu duena intimitatearen eta norberaren irudiaren aurkako delitu baten errudun izan daiteke. Bizitza pribatua inbaditzen duen informazioa zabaltzeagatik, espetxe-zigorra edo isuna ezar daiteke. Gainera, litekeena da kalte-galerengatiko, sufrimenduengatiko eta bestelako galerengatiko kalte-ordaina ordaindu behar izatea.

Irain esaten zaio, pertsona baten izen onari edo autoestimuari erasoz, haren duintasuna urratzen duen ekintza edo adierazpenari. Irainak delitu izango dira, beren izaera, ondorioak eta inguruabarrak direla eta, jendeak larritzat hartzen dituenean. Iraina larria izan daiteke baldin eta informazio edo iruzkin iraingarria edo mespretxuzkoa komunikabideetan zabaltzen bada, hala nola egunkari edo telebista batean, edo hainbat laguni jakinarazten bazaie, esate baterako, Interneten bidez zabaldu delako.

Publizitatearekin egindako irain larriak sei hilabetetik hamalau hilabete arteko isunarekin zigortuko dira, eta, bestela, hiru hilabetetik zazpi hilabete arteko isunarekin.

Zigor Kodea, 208., 209. eta 210. artikuluak

Argazkiak egitea eta ikastetxean argitaratzea

Argazki ugari egin ohi dira eskola-bidaietan eta kanpamentuetan. Ikasgelan ere egiten dira argazkiak. Jabetza intelektualaren arloko xedapenak ere aplika dakizkieke egoera horiei. Argazki baten gaineko jabetza intelektualeko eskubideak argazkia egin duen pertsonarentzat sortzen dira, ez argazkiko objektuarentzat, erretratatutako pertsonarentzat edo modeloarentzat. Irudi bat erabiltzeko –adibidez, eskolako argitalpen batean edo webgune batean–, argazkilariari eskatu behar zaio baimena.

Aintzat hartu behar da, halaber, argazkian identifika daitezkeen pertsonen intimitatearen babesa. Irudia argitaratzeko, haien baimena ere behar da. Haur adingabeen kasuan, haien tutoreen baimena ere behar da. Ikasle baten argazkia ikastetxearen webgunean argitaratzeko, ikaslearen tutoreen berariazko baimena behar da.