Copyright-esleipena

Egileak bere egile-eskubideak laga diezazkioke, adibidez, beste pertsona edo erakunde bati. Lagapenak idatziz hitzartu behar dira. Adibidez, idazle batek aldizkari batean idatzi duen artikulu baten argitalpen-eskubidea laga dezake.

Legeak ez du egile-eskubideak hitzartzeko modu espezifikorik ezartzen, baina lagapena idatziz egin behar da.

Egileak bere eskubideak osorik edo partez laga ditzake, eta lagatako eskubidera edo eskubideetara, berariaz aurreikusitako ustiapen modalitateetara eta zehazten diren epe eta eremura mugatzen da lagapena. Ez dago mugarik egile-eskubideen inguruko hitzarmenaren edukiaren inguruan. Kontratuetan, libreki ezar daiteke, adibidez, obra baten erabilera-lizentzia baten prezioa. Egileak bere obraren erabilera-eskubideak laga ere egin ditzake, adibidez, lizentzia ireki batekin, hala nola Creative Commons lizentzia batekin.

Baina egileak ezin ditu eskubide moralak laga.

Halere, nabarmentzekoa da egile-eskubideak jabetza-eskubideez bestelako kontua direla. Obra baten kopia bat saltzen denean, hala nola koadro bat, liburu bat edo CD bat, erosleari ez zaizkio lagatzen erositako obraren kopiaren egile-eskubideak; beraz, adibidez, CD bat edukitzeak ez du eskubiderik ematen CDko abestiak webgune batera igotzeko.

Jabetza Intelektualari buruzko Legea, 43. eta 56. artikuluak.

 Kudeaketa-erakundeen baimenak edo lizentziak

Jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzen dituzten erakundeek lizentziak eman diezazkiekete zenbait erabiltzaileri (ikastetxeak, enpresak, dendak, tabernak, gimnasioak eta abar), ordezkatzen dituzten eskubideen titularren obrak eta prestazioak erabil ditzaten. Beste jarduera batzuk ere egiten dituzte, hala nola Legearen arabera kudeaketa-erakunde batek kudeatu beharrekoak diren ordainketa soileko eskubideen diru-bilketa, adibidez, liburutegiko mailegu publikoagatiko ordainsaria edo kopia pribatuaren kudeaketari dagokion diru-bilketa.