Eskolako lanetan, argitaratutako irudiak, marrazkiak eta argazkiak edo askotariko irudikapen grafikoak erabili ohi dira. Teknologia digitalaren eraginez, dibertsifikatu egin dira irudiak erabiltzeko moduak eta aukerak. Beste pertsona batzuek hartutako eta sortutako irudiak modu ez-pribatuan erabiltzeko, oro har, egilearen edo argazkilariaren baimena behar da. Baimen hori eskubideen titularrak edo VEGAP entitate kudeatzaileak eman dezake.
Zilegi da norberaren lan batean irudiak sartzea, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen 32.1 artikuluan xedatutako aipu-mugan oinarrituta.
Gainera, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen 32.3 artikuluan oinarrituta, ikastetxe, institutu edo unibertsitateetako irakasleek izaera plastiko edo fotografiko figuratiboa duten obra isolatuak kopiatu, banatu eta publikoki komunikatu ahal izango dituzte, merkataritza-helbururik ez dagoenean eta honako baldintza hauek aldi berean betetzen direnean:
a) Egintza horiek irakaskuntza-jarduerak argitzeko –bai irakaskuntza presentzialean, bai urrutiko irakaskuntzan– edo ikerketa zientifikorako soilik gauzatzea, eta lortu nahi den helburu ez-komertzialak justifikatzen duen neurrian.
b) Lehendik jendarteratuak dauden obrak izatea.
Interneten, baimendutako erabilera duen material grafiko ugari eskura daiteke; izan ere, eskubideen titularrek material horiek erabiltzeko baimena eman dute Creative Commons edo antzeko lizentzia irekien bidez. Material horiek lizentzian ezarritako baldintzen arabera erabil daitezke. Creative Commons lizentzietan, hainbat konbinazio daude, eta haien bidez erabilera-eskubide desberdinak lortzen dira. Ikonoek adierazten dute ea egileak baimena eman duen obra bere horretan erabiltzeko, obra aldatzeko, banatzeko edo komertzialki erabiltzeko. Irakurri gehiago Creative Commons lizentziei buruz.
Oro har, zilegi da tesi batean irudiak eta argazkiak erabiltzea, baldin eta Jabetza Intelektualari buruzko Legearen 32.1 artikuluan xedatutako aipu-mugaren baldintzak betetzen badira. Irakurri gehiago irudien aipuei buruz hemen.
Jatorrizko argazki-lanak egile-eskubideen babespean daude. Horrez gain, eskubide hurkoak sortzen dira argazki hutsak egiten dituztenen alde. Argazki baten eskubideak argazkia egiten duen pertsonarentzat sortzen dira, ez argazkiko objektuarentzat, ezta argazkian agertzen den modeloarentzat edo pertsonarentzat ere. Argazki bat argitaratzeko eta gordetzeko –esate baterako, webgune pertsonal batean edo ikastetxeko intranetean–, argazkia egin zuen pertsonaren baimena izatea eskatzen da. Argazkian identifika daitezkeen pertsonak agertzen badira, irudia erabiltzeko baimena eskatu behar zaie identifika daitezkeen pertsona horiei guztiei.
Originala bada, argazki-lan baten aurrean gaude. Beste argazki batzuk argazki huts gisa daude babestuta. Argazkiak obra mailara iristen diren ala ez kasuz kasu baloratzen da. Originaltasun-atalasea gainditzeko, eragina izan dezakete, besteak beste, argazki gisa lortutako azken emaitzak eta argazkilariaren emaitzan eragina izan zuten sormenezko hautuek: esate baterako, konposizioak, muntaiak, enkoadraketak, ikus-angeluak edo irudiaren argiztapenak.
Argazki-lan batek eta argazki huts batek babes maila desberdina dute. Desberdintasun nagusia babes-epea da. Argazki-lan bat argazkilaria hiltzen denetik 70 edo 80 urte igaro arte babesten da; babes-aldi hori heriotzaren hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera hasten da kontatzen. Argazki huts baten babes-epea argazkia egin zenetik 25 urte igaro artekoa da; babes-aldi hori argazkia egin eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera hasten da kontatzen.
Jabetza Intelektualari buruzko Legea, 26. eta 128. artikuluak
Pinturak, marrazkiak, eskulturak edo arte ederretako beste obra batzuk egile-eskubideen babespeko obrak izan ohi dira beti.
Testuliburu baten orrialdetik edo Internetetik artelan baten irudi bat ateratzeko, oro har, egilearen edo editorearen baimena izatea eskatzen da, erabilera hori muga edo salbuespenen batek babes dezakeenean izan ezik.
Marrazki bat, jatorrizkoa bada, egile-eskubideen babespean dago. Ikasleen marrazkiak ere babestuta egon daitezke. Hala, baimena behar da, esate baterako, marrazki bat webgune batera edo ikastetxe bateko ikaskuntza-plataforma itxi batera igotzeko edo ikastetxeko inprimaki batean erabiltzeko. Ikasle adingabeen kasuan, haien tutoreen baimena ere behar da.
Kudeaketa-erakundeek ikastetxeetarako ematen dituzten egile-eskubideen baimenek ez dituzte barnean hartzen obra argitaragabeak, hala nola ikasleek egindako eta argazkirik atera ez zaien eta aldizkari, liburu edo bestelako argitalpenetan inprimatu ez diren marrazkiak edo antzeko pinturak; beraz, kasu horietan beti ikaslearengana jo behar da baimena eskatzeko.
Jabetza Intelektualari buruzko Legea, 43. art.
Mapak, hala nola errepide-mapak, horma-mapak edo mapa turistikoak, egile-eskubideek babestutako obrak izan ohi dira. Jabetza Intelektualari buruzko Legearen arabera, mapak obra babestutzat jotzen dira.
Mapa bat kopiatzeko –esate baterako, Interneteko webgune pertsonal batean edo liburu baten edo beste argitalpen baten zati gisa–, eskubideen titularraren baimena behar da.
Komikietako pertsonaiak egile-eskubideen babespeko obrak dira. Komikietako pertsonaiak erreproduzitzeko, kopiatzeko eta erabiltzeko, eskubideen titularraren baimena behar da. Hala, komikietako pertsonaien kopiak marraztu daitezke erabilera pribaturako, baina kopia horiek ezin dira beste ezertarako erabili; esate baterako, ezin dira Interneten saldu edo ezin dira argitaratu.
Zilegi da Interneteko irudi bat sartzea irakasle batek gelan erabiliko duen PowerPoint aurkezpen baten zati gisa edo ikasleen proiektu baten zati gisa, baldin eta aipu-mugaren baldintzak betetzen badira. Halaber, irudi bat erabiltzea baimendua egon daiteke, esate baterako, irudi-banku bateko erabilera-baldintzak betetzen direnean edo irudiak Creative Commons lizentzia bat duenean.
Interneten, baimendutako erabilera duen material grafiko ugari eskura daiteke; izan ere, eskubideen titularrek material horiek erabiltzeko baimena eman dute Creative Commons edo antzeko lizentzia irekien bidez. Material horiek lizentziaren baldintzen arabera erabil daitezke. Creative Commons lizentzian, egileak bere obra erabiltzeko moduari buruzko zenbait baldintza (ikonoak) ezartzen ditu. Egile-eskubideek babestutako materiala da; egileak material hori erabiltzeko baimena ematen du, eta horretarako, baldintza batzuk jartzen ditu. Creative Commons lizentziek beti exijitzen dute erabilitako obraren ondoan egilea eta lizentzia aipatzea. Irakurri gehiago Creative Commons lizentziei buruz.