Partitura eta musika erabiltzea

Zer da musika-obra bat?

Konposizio-lanetan sartzen dira partiturak, hitzak eta antzekoak. Musika-obren eskubideen titularrak musikagileak, moldatzaileak, kanta-idazleak eta musika-editoreak dira. Musika-obren interpretazio eta grabazioen eskubideen titularrak artista interpretatzaileak edo exekutatzaileak dira (artistak, abeslariak, musikariak eta ekoizleak).

Jabetza Intelektualari buruzko Legearen arabera, artista interpretatzaile edo exekutatzaileen eta soinu-ekoizleen interpretazioak eta grabazioak eskubide hurkoen babespean daude. Musika erabiltzen denean (interpretatzeko edo grabatzeko), musikaren egileen eta editoreen baimena behar izaten da, bai eta artista interpretatzaileena edo exekutatzaileena eta soinu-ekoizleena ere. Zilegi da musika erabiltzea eremu guztiz etxekoan. Besteren musika interpretatzeko, baimenak SGAEri eta SEDAri eska dakizkieke. Grabatutako musika erabiltzeko ere eskubideak ordaindu behar zaizkie musika-interpretatzaileei eta fonogramen ekoizleei; AIEk eta AGEDIk ordezkatzen dituzte horiek.

Musika interpretatzea

Kontzertu batean edo errezitaldi batean besteren musika jotzeko, eskubideen titularren baimena behar da, komunikazio publikoko ekintza bat baita. Era berean, ikasgelan musika jartzeko, oro har, baimena behar da.

Jabetza Intelektualari buruzko Legea, 20. art.

Interneten, musika eskuragarri dago hainbat streaming zerbitzutan; esate baterako, Spotify-n. Zerbitzu jakin baten erabilera-baldintzetan zehazten bada zerbitzu hori erabilera pertsonalerako baino ez dela –Spotify Free eta Premium zerbitzuetan hala zehazten da–, zerbitzu horren musika ikasgelan erreproduzitzeak erabilera-baldintzak urratzen ditu.

Ikastetxeko ekitaldietan musika interpretatzeko, eskubideen titularren baimena behar da. Baimena SGAEn eta SEDAn eskuratu daiteke.

Bideoklip bat erreproduzitzea

Irakaskuntzaren eremuan bideoklip bat erreproduzitzeko ere, bideokliparen eskubideen titularren baimena izatea eskatzen da. AIE kudeaketa-erakundeak bideoklipean parte hartzen duten artista interpretatzaileak edo exekutatzaileak ordezkatzen ditu, AGEDIk musika-ekoizleak eta SGAE/SEDAk editoreak.

Interneteko bideoklipak igo edo partekatzeko, baimena behar da. Komenigarria da bideoklipak dauden plataformen edo orrialdeen zehaztapenak eta baldintzak edo legezko oharra kontsultatzea. Baliteke eskubideen titularrek baimena eman izatea bideoa irakaskuntzan erakusteko eta erabiltzeko, adibidez, Creative Commons lizentzia batekin edo beste lizentzia ireki batekin.

Musika grabatzea

Baimena behar da jatorrizko grabazio batetik, hala nola CD edo bideoklip batetik, musika kopiatzeko, musika hori erabilera ez-pribaturako bada. Interneteko musika-dendetan erabilera pribaturako erositako musikari ere aplika dakioke hori.

Musika grabatzeko eta norberaren bideo baten edo beste aurkezpen baten zati gisa txertatzeko, adibidez, PowerPoint-eko aurkezpen batean, eta bideo edo aurkezpen hori erabilera pribaturako bada, musikaren eskubideen titularren baimena behar da. Bideo bati edo beste aurkezpen bati musika eransteari sinkronizazioa deitzen zaio. Musika sinkronizatzeko eta gordetzeko baimenak SGAEn eta SEDAn eskura daitezke.

Norberaren PowerPoint bideo edo aurkezpen bati sormen propioko edo Creative Commons lizentzia duen musika gehitu dakioke; izan ere, Creative Commons lizentzien bidez, eskubideen titularrek musika erabiltzeko baimena eman dezakete. Irakurri gehiago Creative Commons lizentziei buruz.

Kontuan izan, bideo bat Interneten partekatzeko, adibidez, ikastetxearen webgunean edo blogean, baimena lortu behar dela. Hala ere, legez Interneten dagoen bideo baterako esteka sar dezakezu, eskubideen titularren baimenarekin.

Ikasle baten musika-interpretazioa grabatzea

Mintzaldiak eta emanaldi musikal eta eszenikoak grabatzeko, egilearen eta interpretatzailearen baimena behar izaten da.

Adina gorabehera, ikasleek egile-eskubideak sortzen dituzte sortzen duten materialagatik: emanaldiak eta musika-obrak, marrazkiak edo idatzitako tesiak. Obra hori erabiltzeko, ikaslearen baimena behar da. Ikaslea adingabea bada, tutoreen baimena eskatu behar da.

Jabetza Intelektualari buruzko Legea, 17. art.

Partiturak hezkuntza-helburuetarako kopiatzea

Hezkuntzaren arloan partituren kopia egiteko, baimena behar da. Era berean, CEDROk lizentziak ematen dizkie musika-taldeei kideen artean partiturak kopiatu eta banatzeko.

Era berean, CEDROk lizentziak ematen dizkie musika-taldeei kideen artean partiturak kopiatu eta banatzeko.

Lizentziarik izan ezean, jatorrizko partiturak erabili beharko dira interpretazio-ekitaldian.

Ikasle batzuk bideo bat egiten ari dira ikasgelako proiektu gisa, eta musika gehitu nahi diote bideo horri. Horretarako baimena behar al dute?

Bideo bati musika gehitzea sinkronizazio bat da, eta horretarako musika egileen baimena behar da. Bideo batean musika sartzeko, SGAEn eta SEDAn eskuratu daiteke baimena. Ukitutako beste titular batzuei ere eskubideak ordaindu behar zaizkie, hala nola interpretatzaileei eta ekoizleari; AIEk eta AGEDIk ordezkatzen ditu horiek.

Gelakideak diskoteka bat antolatzen ari dira ikastetxean, dirua bildu nahi baitute ikasturte-amaierako bidaiarako. Baimenik behar al da musika jartzeko?

Ekitaldi horretan musika jartzeko baimena behar da. Gelakideek SGAEn eta SEDAn lortu behar dute musika jartzeko baimena; horrez gain, dagozkion eskubideak ordaindu beharko zaizkie interpretatzaileei eta ekoizleei; AIEk eta AGEDIk ordezkatzen dituzte horiek.

Ikasleen Gurasoen Elkartea kontzertu bat antolatzen ari da ikastetxean. Baimena behar al da musika interpretatzeko?

Kontzertuan beste batzuen musika interpretatzeko, baimena behar da. Elkarteak ekitaldian musika interpretatzeko baimenak lortu behar ditu SGAEn eta SEDAn.