Ikus-entzunezko lanen erabilera

Zer dira ikus-entzunezko obrak?

Ikus-entzunezko obrak obra zinematografikoak dira, Jabetza Intelektualari buruzko Legeak xedatutakoari jarraikiz. Obra zinematografikoak eta gainerako ikus-entzunezko obrak irudi elkartuen bidez adierazitako sorkuntzak dira; soinua erantsia izan dezakete edo soinu gabeak izan daitezke, eta funtsean proiekzio-aparatuen bidez edo irudia eta soinua publikoki komunikatzeko beste edozein baliabideren bidez erakusteko eginda daude, edozein dela ere obra horien euskarri materialen izaera. Horrenbestez, obra zinematografikotzat jotzen dira mugimenduan dauden irudiak dituzten obra guztiak, hala nola filmak, telebista-programak, musika-bideoak, iragarkiak eta lineako bideoak.

Ikus-entzunezko obrak irakaskuntzan erabiltzea

Irakaskuntzan filmak eta ikus-entzunezko bestelako obrak eta grabazioak proiektatzeko, eskubideen titularren baimena behar da.

Onlineko bideoak

Oro har, irakaskuntzan online bideoak proiektatzeko, baimena behar da.

Interneten, irakaskuntzarako ikus-entzunezko material mota asko dago; material horiek webgunearen edo zerbitzuaren erabilera-baldintzen arabera erabil daitezke.

Interneteko sare sozialetako bideo-zerbitzuek (hala nola YouTubek eta Vimeok) aukera ematen diete erabiltzaileei beren bideo-edukiak gehitzeko. Zerbitzu horiek irakaskuntzaren esparruan erabil daitezke, baina erabilera hori zerbitzuaren erabilera-baldintzen mende dago neurri handi batean. Zerbitzu askoren erabilera-baldintzen arabera, zerbitzua erabilera pertsonalerako soilik balia daiteke. Hala eta guztiz, baimenduta egon daiteke irakaskuntzan bideoak erabiltzea eta proiektatzea, esate baterako, Creative Commons lizentzia batekin. Irakurri gehiago Creative Commons lizentziei buruz.

Debekatuta dago lnterneten legez kanpo partekatu den materiala erakustea eta erabiltzea.

Iragarkiak

Telebistako iragarkiak eta Interneteko ikus-entzunezkoak egile-eskubideak dituzten obra zinematografikotzat jotzen dira. Jabetza Intelektualari buruzko Legearen arabera, haiek irakaskuntzan erakusteko ere eskubideen titularren baimena behar da.

Irratsaioak

Era berean, baimena behar da hezkuntzaren eremuan irratsaioak transmititzeko. Irrati-lanak egile-eskubideen babespean daude. Gainera, irrati-hedapeneko erakundeek beren emisioen edo transmisioen gaineko eskubide hurkoak dituzte.

Jabetza Intelektualari buruzko Legea, 126. art.

Irrati-programak erabiltzeko, irrati-hedapeneko erakundearen baimena behar da.

Filmak

Filmak, oro har, zinemetan banatzeko, haien grabazioak alokatzeko, plataformetan hedatzeko eta DVD eran saltzeko egiten dira. Saltoki handietan, denda espezializatuetan eta lineako dendetan saldutako grabazioak –hala nola audio-grabazioak, hizkuntza-kaseteak edo bideo eta DVD formatuko filmak–, bai eta bideoak alokatzeko negozioetako grabazioak ere, erabilera pribaturako dira.

Erositako, mailegatutako edo alokatutako grabazioak –hala nola audio-grabazioak, hizkuntza-kaseteak edo bideo eta DVD formatuko filmak–, ezin dira hezkuntza-helburuekin kopiatu horretarako baimenik izan ezean. Filmak grabatzeko edo kopiatzeko baimena eskubideen titularren eskutik lortu behar da zuzenean; esate baterako, konpainia ekoizleen eskutik.

EGEDAren baimenarekin, film baten grabazio bat gelako jardueretan proiekta daiteke; horrek ez ditu eragozten SGAEk eta DAMAk ordezkatutako eskubideen beste titular batzuei dagozkien eskubideak. Ikasgelan grabazio bat proiektatzeko ere baimena behar da.

Jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzen dituen EGEDA erakundeak lizentziak ematen ditu ikasgelan filmak proiektatzeko. Lizentzia zinematografikoak baimena ematen die ikastetxeei eta beste erakunde batzuei lizentziak barne hartzen dituen produkzio-etxeen filmak proiektatzeko. Lizentzia zinematografikoarekin, legez erositako filmak proiekta daitezke. Informazio gehiago lizentzia zinematografikoari buruz lizentzia zinematografikoa.

Filmaren ekoizleari ere eska dakioke baimena.

Film bat zirkulu itxi batean proiektatzea

Ekitaldi bat ez da publikotzat jotzen proiekzioa eremu guztiz etxekoan egiten bada (esate baterako, etxean familiarekin eta lagunekin) eta eremu hori ez badago inolako hedapen-saretan integratuta edo hari konektatuta.

Komunikazio publikoko egintzetan, hainbat laguni obra baterako sarbidea ematen zaie, pertsona horietako bakoitzari aurrez obraren alerik banatu gabe. Egoera horretan, ez du axola ekitaldia ordainpekoa edo doakoa den, edo zenbat pertsona dauden bertan.

Zineklub bat sortzea

Alokatutako, dendetan erositako eta telebistatik grabatutako filmak, hasiera batean, erabilera pribaturako eta etxerako dira. Zineklubeko jarduerak ez dira erabilera pribatukoak izaten; aitzitik, jarduera horiek proiekzio publikoa izaten dute. Beraz, zineklub batean filmak proiektatzeko, eskubideen titularren baimena behar da.

Filmetako aipuak

Aipu-mugan oinarrituta, film-zatiak ere erabili ahal izango dira. Jabetza Intelektualari buruzko Legearen 32.1 artikuluak, aipu-mugari buruzkoak, jasotzen dituen baldintza guztiak bete behar dira.

Era berean, aipu-mugan oinarrituta, film baten irudi bat material didaktiko edo proiektu baten zati gisa erabili ahal izango da.

Bideo-jokoak eta kontsola-jokoak

Bideojokoak ere jabetza intelektualeko eskubideen babespeko obrak dira. Beraz, haiek berrerabiltzeko ere (kopiatzeko, banatzeko, eraldatzeko, publikoki komunikatzeko) eskubideen titularren baimena behar da. Oro har, eskubideen titularra bideojokoa garatu duen enpresa edo hura ekoitzi duen enpresa izango da, kasuaren arabera.