Copyright hiztegia

A   B   C   D   E   F   G   H   I   J   K   L   M   N   O   P   Q   R   S   T   U   V   W   X   Y   Z


Aipatzea

Jatorrizko testu baten hitzez hitzeko adierazpena (ahozkoa edo idatzizkoa) da, ikus zuzeneko aipua.

Aipua

Aipuak argitaratutako obra baten zati batera mugatu behar du. Egilearen izena adierazi egin behar da aipuaren ondoan.

Aldaketa librea

Beste pertsona batek sortutako obra bateko ideiak modu berri, sortzaile eta original batean gauzatu daitezke. Obra berri eta independente bat sortzen bada, jatorrizko obrarekin identifikagarria ez dena, egileak bere obrarengatiko egile-eskubideak eskuratuko ditu. Jatorrizko obra bat eraldatzeko, egilearen baimena behar da.

Aldatzea

Obra bat aldatzea egilearen eskubide esklusiboen esparruan sartzen da, eta, horretarako, egilearen baimena behar da.

Antologia

Antologia bat zenbait obraz edo obra-zatiz osatutako obra da. Antologia baten egileak multzoaren egile-eskubideak eskuratzen ditu. Antologia batean obrak jasotzeko eta publikoaren eskura jartzeko, jasotzen diren obren egileen baimena behar da.

Argazki-aipua

Aurkezpen zientifiko edo kritiko baterako, testuarekin erlazionatutako irudiak har daitezke egilearen baimenik gabe, baldin eta aipuaren mugaren baldintzak betez egiten bada. Testuak eta irudiak lotura esanguratsua izan behar dute.

Argazkien collagea

Argazkien collage batean zenbait argazki, marrazki bizidun, pintura edo haien zatiak egon daitezke. Argazkien collage batean irudiak erabiltzeko, oro har, irudi bakoitzaren egilearen baimena behar da.

Argitalpen-kontratua

Argitalpen-kontratua egile baten eta argitaletxe baten arteko akordioa da, idatzizko obra bat argitaratzeko.

Artista interpretatzailea

Obra baten interpretatzaileak, hala nola aktore batek, musikari batek edo abeslari batek, babesa eskuratzen du bere interpretazioarengatik. Babesa eskuratzeko, interpretazioaren xedeak egile-eskubideekin babestutako obra bat izan behar du. Interpretazio bat grabatzeko, artista interpretatzailearen baimena behar da.

Hasieraraino


Banaketa

Obren aleak salmentaren, maileguaren eta alokairuaren bidez bana daitezke. Liburu eta artelanak saltzea, liburuak mailegatzea eta filmak alokatzea obraren banaketa-modalitateak dira. Egilearen eskubide ekonomikoen arteko eskubide esklusiboetako bat da banaketa.

Birsalmentagatiko kopentsazioa

Birsalmentagatiko konpentsazioa artista plastiko bati artelanen salmenta profesional edo publikoarengatik ematen zaion konpentsazio bat da, berriro beste jabe bati saltzen zaionean.

Bildumak eta datu-baseak

Jabetza intelektualaren xede dira, halaber, besteren obren bildumak, datuen bildumak edo beste elementu batzuenak, hala nola antologiak eta datu-baseak, baldin eta haien edukiak hautatzearen edo antolatzearen ondorioz sorkuntza intelektuala badira. Babesa egiturari bakarrik dagokio, edukien aukeraketa edo antolamendua adierazteko modu gisa ulertuta.

Banaketa-eskubidea agortzea

Banaketa Europar Batasunaren barruan eskubidearen titularrak berak egiten duenean, edo haren baimenarekin egiten denean, salmenta bidez, eskubide hori lehenbizikoarekin agortuko da, baina soilik lurralde-esparruan egiten diren ondoz ondoko salmenta eta jabetza-eskualdaketetarako. Banaketa-eskubidea agortzeak aukera ematen dit nire eleberri, nire CD edo DVDen ale fisikoak bigarren eskuko azoka edo dendetan birsaltzeko.

Hasieraraino


Creative Commons lizentzia

Creative Commons lizentzia-sistema estatubatuar bat da, zeinaren bidez egile batek baimena eman baitezake bere obra baldintza jakin batzuetan erabiltzeko. Obraren ondoan CC lizentziaren sinboloa adieraziz, obra nola erabil daitekeen ematen du egileak aditzera.

Hasieraraino


Egile-eskubideak

Egile-eskubideek lan sortzailea babesten dute. Egile-eskubideen xedea egileak, pertsona fisiko batek, sortu duen obra da. Egile-eskubideei, oro har, egilearen eskubide esklusibo deitzen zaie.

Egile-eskubideak kudeatzen dituzten erakundeak

Egileak eta eskubideen titularrak kide dira jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzen dituzten, beren interesak zaintzen dituzten eta egoera jakin batzuetan lizentziak ematen dituzten erakundeetan. Jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzen dituzten erakundeek lizentziak eskuratzea eta konpentsazioak ematea errazten diete Estatuko eta nazioarteko eskubideen titularrei.

Egile-eskubideengatiko konpentsazioa

Egile-eskubideengatiko konpentsazioa egile bati obra bat erabiltzeagatik, lizentzia bat emateagatik edo egile-eskubideen bestelako edozein lagapenengatik ematen zaion ordainsaria da. Lagapena doakoa ere izan daiteke.

Egile-eskubideak urratzea

Egile-eskubideekin babestutako obra baten legez kanpoko erabilerak (egile-eskubideak urratzeak) kalte-galerengatiko zigorrak ezartzea ekar dezake.

Egiletasun-eskubidea

Egiletasun-eskubide moralak esan nahi du egile batek eskubidea duela obra baten egiletzat izendatua izateko, obra erabiltzen denean. Egilearen izena jardunbide egokiekin bat etorriz erabili behar da.

Eraldaketa

Obra baten moldaketa dira, adibidez, itzulpen bat eta bertsio laburtu bat. Obra bat eraldatzeko, egilearen edo eskubideen titularren baimena behar da.

Erreferentzia

Erreferentzia bat jatorrizko testu baten (iturria) gaia edo edukia nork bere hitzekin adieraztea da, ikus zeharkako aipua.

Erregaliak

Erregaliak egile bati bere obra erabiltzea baimentzeagatik ematen zaion konpentsazioa dira; adibidez, idazle bati liburu baten salmentarengatik ematen zaion konpentsazioa edo musikari bati disko baten salmentarengatik ematen zaiona.

Erreprodukzioa

Erreprodukzioaren barruan sartzen dira, adibidez, kopiatzea, obra baten ale bat inprimatzea, edo konposizio bat gordetzea eta grabatzea. Erreprodukzioa egilearen eskubide esklusiboa da eta haren eskubide ekonomikoetako bat da.

Eskubide hurkoen babesa

Egile-eskubideetatik gertu geratzen diren eskubideak dira. Besteak beste, artista interpretatzaileak, soinu- eta zinema-ekoizleak eta zenbait ekoizpenen argitaratzaileak babesten dituzte. Eskubide hurkoek egile-eskubideen ia eduki bera dute.

Eskubide moralak

Eskubide moralak egilearen errespetuari eta figurari loturiko eskubide besterenezinak dira, hala nola egiletasun-eskubidea eta osotasunerako eskubidea. .

Eskubideen lagapena

Egile batek eskubide ekonomikoak beste pertsona bati laga diezazkioke; adibidez, argitaletxe bati, enpresa bati edo ekoiztetxe bati. Lagatako eskubidera edo eskubideetara mugatzen da lagapena, baita berariaz aurreikusitako ustiapen-modalitateetara eta zehazten diren denborara eta lurralde-esparrura ere.

Hasieraraino


Fonogramen ekoizlea

Fonograma baten ekoizlea pertsona natural edo enpresa bat da, zeinaren ekimenez eta erantzukizunez finkatzen edo jotzen baita lehenengo aldiz musika-obra bat.  Fonograma-ekoizleak eskubide hurkoen babesa jasotzen du.

Hasieraraino


Iturria

Iturria jatorrizko testua da, eta hori ahozkoa edo idatzizkoa izan daiteke.

Hasieraraino


Jabari publikoa

Jabari publiko terminoa erabiltzen da babes-epea amaitua duten obretarako.

Jabetza intelektualeko eskubideak

Jabetza intelektualeko eskubideak eskubide-esparru bat dira, eta hor sartzen dira egile-eskubideak eta hurko edo kide deritzen eskubideak. 

Bestalde, jabetza industrialeko eskubideek industriaren esparruko sorkuntzak babesten dituzte, hala nola markak, patenteak, diseinuak eta abar. Jabetza intelektualeko eskubideak jabetza-eskubideen antzeko eskubide esklusiboak dira, lan sortzailearen emaitzak babesten dituztenak.

Jabetza intelektualeko eskubideen titularra

Egile-eskubideen titularra jabetza intelektualeko eskubideen jabe den pertsona, enpresa edo bestelako pertsona juridikoa da.

Jatorrizko obra

Jatorrizko obra bat egile batek sortutako obra literario, artistiko edo zientifiko bat da. Obra jatorrizkoa da egilearen arrastoa islatzen duenean, erabaki aske eta sortzaileen ondorioz.

Jendarteratze-eskubidea

Egileari dagokio bere obra jendarteratzeko den edo ez eta nola erabakitzeko eskubide morala.

Gainera, zehaztu dezake ea bere izenarekin jendarteratuko den, izenordea edo zeinua erabiliko den, edo modu anonimoan egingo den.

Jendarteratzea

Jendarteratzeak esan nahi du obra publikoaren eskura jarri dela legalki.

Hasieraraino


Komunikazio publikoa

Komunikazio publikoa da pertsona ugariri obra eskuratzeko aukera ematen dion ekintza oro, horiei aldez aurretik ale bana banatu gabe. Komunikazio publikoko ekitaldiak dira, besteak beste, film baten emankizuna, kontzertu bat edo musika-errezitaldi bat, antzezpen bat, liburu baten irakurketa publikoa, irudien proiekzioa edo artelanen jendaurreko erakustaldia.

Komunikazio publikoa

Obra baten komunikazio publikoa obra publikoaren eskura jartzea da, prozedura haridun edo haririk gabekoen bidez. Obra bat irratian edo telebistan aurkeztea, eta Interneten partekatzea, komunikazio publikoa da. Komunikazio publikoa egilearen eskubide ekonomikoen arteko eskubide esklusiboetako bat da.

Konpentsazioa

Egile-eskubideekin babestutako obra bat erabiltzeagatik, konpentsazio bat eman behar zaio egileari. Konpentsazioa eska daiteke erabiltzaileak obra erabili ahal izateko egile-eskubideen titularraren baimena beharrezkoa zela ez zekien kasuan ere.

Kopia pribatuagatiko konpentsazioa

Kopia pribatuagatiko ekitatezko konpentsazioa erabilera pribaturako kopiatzen diren obren egileei aitortzen zaie, argitaratzaileekin, fonograma- eta bideograma-ekoizleekin eta artista interpretatzaile edo exekutatzaileekin batera.

Kopia pribatuagatiko konpentsazioa Espainiako ekipo-fabrikatzaileek ordaintzen dute banatzaile komertzial gisa jarduten duten heinean, baita Espainiatik kanpoko erosleek ere, Espainian banatzeko edo erabiltzeko. 

Kopia pribatutzat jotzen da edozein euskarritan egiten den jada ezagutarazitako obren kopia, hirugarrenen laguntzarik gabe egiten dena, aldi berean honako inguruabar hauek betetzen direnean: 

  • Pertsona fisiko batek bere erabilera pribaturako egitea, ez erabilera profesionalerako eta ez enpresarialerako, eta zuzeneko nahiz zeharkako helburu komertzialik gabe.
  • Erreprodukzioa legezko iturri batetik legez eskuratu diren obretatik egitea.
  • Lortutako kopia taldean ez erabiltzea, ezta irabazi asmoarekin eta prezio bidezko banaketarako ere.

Kudeaketa-erakundeen lizentzia ez-esklusiboak

Jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzen dituzten erakundeek beren errepertorioko obrak erabiltzeko lizentziak ematen dizkiete enpresei, erakundeei eta ikastetxeei, besteak beste. Lizentzia horiek ez dituzte Estatuko obrak bakarrik barne hartzen, alegia, atzerriko lanak ere har ditzakete.

Hasieraraino


Laburpena

Laburpena jatorrizko testuak edo aurkezpenak deskribatzen duen ekoizpen idatzi edo ahozkoaren bertsio laburbildua da. Laburpena eraldaketa da. Idatzia laburtzeko (aldatzeko), egilearen baimena behar da. Ez da baimenik behar ondoren neure hitzekin garatuko ditudan datu hutsak, informazio hutsak edo ideiak hartzera mugatzen bagara.

Laburpena eraldaketa da. Idatzia laburtzeko (aldatzeko), egilearen baimena behar da. Ez da baimenik behar ondoren neure hitzekin garatuko ditudan datu hutsak, informazio hutsak edo ideiak hartzera mugatzen bagara.

Lankidetzan egindako obra

Lankidetzan egindako obra zenbait egilek elkarlanean egindako baterako emaitza da. Adibidez, liburu ilustratu bat lankidetzan egindako obra izan daiteke, baita musika-konposizio bat ere, non egile batek letra idazten baitu eta beste batek, musika.  Obra jendarteratzeko eta aldatzeko, egilekide guztien baimena behar da.

Lizentzia

Lizentzia bat erabilera-baimen bat da, eta, haren bitartez, egileak baimena ematen du obra zehatz bat baldintza jakin batzuetan erabiltzeko.

Hasieraraino


Mugak eta salbuespenak

Kasu jakin batzuetan, Jabetzaren Legeak baimena ematen du jabetza intelektualeko eskubideek babestutako obrak erabiltzeko, eskubideen titularrei baimenik eskatu behar izan gabe. Kasu batzuetan, egileak konpentsazio bat jaso beharko du egindako obraren erabilerarengatik, muga edo salbuespen batean oinarrituta. Hori gertatzen da, adibidez, kopia pribatuagatiko konpentsazioaren kasuan.

Multimedia-obra

Multimedia-obra bat zenbait materialen konbinazioa da, hala nola irudien, soinuaren, testuaren eta mugitzen diren irudien konbinazioa.

Hasieraraino


Obra baten alea

Obra baten ale bat obra baten kopia fisikoa da, hala nola liburu bat, CD bat edo DVD film bat. Kopia formatu digitalean ere egon daiteke.

Obra eratorria

Obra eraldatzearen barruan sartzen da obra itzultzea, egokitzea edo beste edozein modutan aldatzea, hartatik beste obra bat eratortzeko.

Obra eratorria jatorrizko obra bat eraldatuz sortu den obra da.

Obra eratorriak dira itzulpenak, moldaketak, eguneratzeak edo berrikuspenak, laburpenak, musika-moldaketak edo aurretiazko obra baten eraldaketatik sortzen den obra oro.

Obra eratorri bat sortzeko, jatorrizko obraren egilearen baimena behar da.

Obra kolektiboa

Obra kolektibo bat pertsona natural edo juridiko baten ekimenez edo haren koordinaziopean sortutako obra da; hark bere izenarekin argitaratzen eta jendarteratzen du, eta zenbait egileren ekarpenak biltzen ditu. Egile horien ekarpen pertsonala sorkuntza bakar eta autonomo batean oinarritzen da, eta, horretarako, ezin zaio egileetariko edozeini banaka esleitu egindako lan osoaren gaineko eskubidea.

Aurkako hitzarmenik egon ezean, obra kolektiboaren gaineko eskubideak bere izenarekin argitaratzen eta jendarteratzen duen pertsonari egokituko zaizkio.

Originaltasuna

Sorkuntzak originala izan behar du, egile-eskubideekin babestuta egongo bada.

Originaltasuna

Egile-eskubideekin babestuta egoteko, ezinbestekoa da originaltasuna. Obra bat originala da bere egilearen espiritu sortzailea eta arrastoa islatzen baditu, erabaki libre eta sortzaileen bidez.

Osotasunerako eskubidea

Osotasunerako eskubide morala egilearen berezitasunaren babesa da. Eskubide moral horrek ahalmena ematen dio egileari bere obraren kontrako edozein deformazio, aldaketa, alterazio edo atentatu galarazteko, baldin eta bere interes legitimoei edo izen onari kalte egiten badie. Halaber, obra ezin da modu edo testuinguru iraingarri batean jarri publikoaren eskura.

Hasieraraino


Plagioa

Plagioa beste egile baten obraren erreprodukzioa eta/edo eraldaketa egitea da, egile-eskubideen titularraren baimenik gabe. Plagioak egilearen eskubide ekonomikoak eta moralak urra ditzake.

Publikoaren eskura jartzea

Obra bat publikoaren eskura jartzen da etxeko esparrua gainditzen duen pertsona talde bati eskaintzen zaionean. Publikoaren eskura jartzeko, besteak beste, jendaurreko aurkezpena, jendaurreko erakustaldia, emankizuna eta saioa egin daitezke.

Publikoaren eskura jartzea edo komunikazio publikoa Interneten

Komunikazio publikoko ekintza da, halaber, obrak publikoaren eskura jartzea, prozedura haridun edo haririk gabekoen bidez, edozein pertsonak aukeratzen duen toki eta unetik eskuratu ahal izateko moduan, hala nola intranet edo Internet bidez. Obra publikoa online eskura jartzea edo online komunikazio publikoa da egilearen eskubide ekonomikoetan eskubide esklusiboetako bat, eta, beraz, haren baimena behar da.

Hasieraraino


Zeharkako aipua

Zeharkako aipua jatorrizko testu baten (iturria) gaia edo edukia nork bere hitzekin adieraztea da, ikus erreferentzia.

Zuzeneko aipua

Zuzeneko aipua jatorrizko testu baten hitzez hitzeko adierazpena (ahozkoa edo idatzizkoa) da, ikus aipua.

Hasieraraino