Egile-eskubideak automatikoki sortzen dira obra bat egiten den unean. Adibidez, ez da beharrezkoa egileak obra erregistratzea. Obra baterako eskubideak sortzen dira koadro bat margotzen denean, konposizio bat sortzen denean edo programa informatiko bat sortzen denean. Egilea ez dago bere obra argitaratzera eta publiko egitera behartuta; horregatik, tiradera batean gordetako obra bat ere babestuta dago. Ez da eskatzen © sinboloa erabiltzea ere.
Eskubide hurkoak ere zuzenean aplikatzen dira, legearekin bat. Ez da beharrezkoa interpretazio bat, grabazio diskografiko bat edo argazki bat inolaz erregistratzea. Eskubide hurkoen babesa babes-xedea sortzen denean hasten da, hots, musika-interpretazio bat grabatzen denean, argazki bat ateratzen denean eta abar.
© marka nazioarteko sinbolo bat da: egile-eskubideek babesten duten obra batean egilearen edo egile-eskubideen titularraren izenaren aurrean erabiltzen da. © sinboloa erabiltzean, obra baten egile-eskubideen jabea nor den adieraz daiteke. Hala ere, ez da eskatzen © sinboloa erabiltzea egile-eskubideak izateko edo babesa jasotzeko. Copyright edo © sinbolorik ez egoteak ere ez du kentzen obra-mailara iristen den lan bati dagozkion egile-eskubideen babesa. Obra bat sortzean sortzen dira egile-eskubideak; une horretan hasten da babesa, eta horretarako ez da behar, ez erregistrorik, ez bestelako izapiderik.
Ez dago ezarrita © sinboloa erabiltzeko forma berezirik. Ohikoena Copyright © forma erabiltzea da, egilearen edo eskubideen titularraren izenaren eta lehen argitalpen-urtearen aurretik. Halaber, copyright hitza jarri gabe utz daiteke. Adibidez, © CEDRO2020.