Antzezlan edo filmen gaiak:

1.      Abesti-lehiaketa

Agertokia: Abesti-lehiaketa

Gelan abesti-lehiaketa egingo dute, ikasturte-amaierako ekitaldirako abesti berriak bilatzeko. Fanik Karlosek sortutako abesti baten hitzak kopiatu ditu, eta bere izenean bidali du abesti-lehiaketara. Zer gertatu da?

Paperak:

Karlos, musikagilea

Karlos 28 urteko abeslari eta musikagile ospetsu bat da. Talentu-lehiaketa bat irabazi ondoren hasi zuen ibilbidea. Hiru disko argitaratu ditu, eta udazkenean Nire erara programan parte hartu zuen. Karlosen musika pop-rock melodikoa da. Bere azken abestiaren izenburua Inork ez nau ikusten da. Instagramen izen hau du: @carlos100oficial.

Fani Fan

Fani 13 urteko ikasle bat da. Haren zaletasunak dira gitarra jotzea, xakean jokatzea eta, neguan, eskiatzea. Fanik abesti batzuk konposatu ditu, baina hitzak asmatzea kosta egiten zaio. Batzuetan, bere lagunik onenak, Mikelek, hitzak asmatzen laguntzen dio. Faniri izugarri gustatzen zaizkio Karlosen abestiak, hitz bikainak dituztelako eta, gainera, bere bizitzaz hitz egiten dutela diruditelako! Fani Karlosen jarraitzailea da Instagramen, eta bi kontzertutara joan da.

Kontzientzia

Faniren kontzientzia ona egokia den hori gogoratzen saiatzen da beti. Kontzientzia on batek lagun onen trebetasunak nabarmentzen ditu, arauen arabera jokatzeari garrantzia ematen dio, eta agerian jartzen du beste pertsonen kontuak nola sentitzen diren eta Faniren ekintzek zer ondorio dituzten.

Tentazioa

Tentazioak konponbide errazak planteatzen dizkio Faniri, ekintzen ondorioak kontuan hartu gabe. Tentazioak nahi du Fanik kosta ahala kosta arrakasta izatea.

Mikel – Faniren laguna

Mikelek abestiak idaztea atsegin du, eta, batzuetan, Faniri bere abestiei hitzak jartzen lagundu dio. Beste abesti batzuk Instagrameko eta Snapchateko istorioetan argitaratu ditu. Mikelek gogoan du nola, batzuetan, eskolan Egile Eskubideen Ikasgelako jolasetan aritzen ziren.

Eztabaidatzeko ikuspegiak, irakaslearentzat:

  • Sortzen dituzten abestien egile-eskubideak dituzte abestien egileek, hau da, konpositoreak, kanta-idazleak eta moldatzaileak.
  • Beste pertsona batek sortutako obra bat ezin da kopiatu, ezta zure izenean edo zurea balitz bezala abestu ere. Horrek beste pertsonaren egile-eskubideak urratzen ditu.
  • Halaber, pentsa daiteke gaur egun zer aukera dauden norberaren ekoizpenak aurkezteko eta zabaltzeko (adibidez, ikasleek berek egindako musika, abesti-kanta eta olerkiak), eta nola, beraz, besteen egile-eskubideak errespetatu behar ditugun.

2.      Esketx-programa bat egitea

Agertokia: Telebista-estudioa

Alba antzezleari esketx baterako pertsonaia bikain bat bururatu zaio. Kepak, telebista-programako ekoizleak, pertsonaiaren telebista-programa bat egin nahi du, eta pertsonaiaren inguruko gidoi bat idaztea eskatu dio Guiomarri. Albari ez dio ezer esan, eta telebista-estudioko paretan programaren iragarki bat ikusi duenean izan du haren berri. Zer gertatu da?

Paperak:

Alba, antzezlea

Alba antzezle gazte bat da, esketx-programa batean ezagun egin zena. Esketxerako asmatu zuen pertsonaiak ez zuen lehiaketa irabazi, baina programan hirugarren geratu zen. Programan parte hartu aurretik, Albak Arrasateko Amaia Udal Antzokian lan egin zuen, eta iragarki-irakurle izan zen; gainera, bikoizketa-aktore izan zen Disneyren marrazki bizidunen azken filmean. Ikasten ari zen bitartean, Egile Eskubideen Ikasgelako musikalean parte hartu zuen.

Kepa, ekoizlea

Kepa aspaldi hasi zen telebista-industrian lanean, esperientzia handia du, eta hainbat telebista-programa ekoiztu ditu. Azkenaldian, Izarrekin dantzan eta Anaia nagusia programak ekoiztu ditu. Kepak telebistako formatu berrietarako intuizio handia eta ideia asko ditu. Orokorrean, nahi duena lortzen du, eta ideiak berehala gauzatzen ditu.

Esketxeko pertsonaia

Esketxeko pertsonaia animalia xelebre bat edo Alba antzezleak sortutako beste pertsonaiaren bat da, beti arazotan dabilena. Pertsonaiaren esaldi hau guztien ahotan dabil: «Ez da ezer gertatzen!»

Guiomar, telebistako gidoigilea

Guiomar gidoilaria da. Ikasketak amaitu berri ditu eta arlo horretan lan bila dabil. Zertarako gai den erakusteko aukera bikaina du: Keparen azken telesailaren gidoilari izateko hartu dute. Guiomar Albak asmatutako esketxerako pertsonaiaren miresle handia da.

Alizia, ekoizpeneko laguntzailea

Alizia Keparen eskuineko eskua da. Telebista-programen antolaketa praktiko guztiarekin laguntzen dio, eta dena zuzen egiteaz arduratzen da, hau da, legea eta jarraibideak betetzeaz.

Eztabaidatzeko ikuspegiak, irakaslearentzat:

  • Egile-eskubideek sortze-lanak babesten dituzte.
  • Norbaitek bideo bat grabatu, telebista-programa bat egin edo esketx-programa baterako gidoi bat idazten badu, adibidez, egile-eskubideak izango ditu.
  • Beste pertsona batek sortutako obrak ez dira norberak egindakotzat aurkeztu behar.
  • Egile-eskubideek egileak sortutako jatorrizko obrak babesten dituzte (adibidez: film bat, liburu bat, telebista-programa bat eta gidoi bat); obra horietan, egileak modu originalean azaldu ditu bere ideia eta pentsamenduak.
  • Egile-eskubideek ez dituzte babesten ideiak, informazio hutsa, kontzeptuak eta teoriak. Horiek zure lana egiteko inspirazio-iturritzat har ditzakezu. Ordea, beste pertsona batek sortutako obra bat ezin da kopiatu.
  • Beraz, esketxeko pertsonaia jabetza intelektualeko eskubideekin babestuta egon daiteke, originala den heinean. Horregatik, ezin da beste pertsona batek asmatutako pertsonaia baten inguruan programa berri bat sortu. Gainera, marrazki bizidunetako pertsonaia batzuk ere marka erregistratu gisa babestuta daude, eta, enpresa-jardueretan, beste pertsona batzuek asmatutako pertsonaia bat erabiltzea desegokia izan daiteke.
  • Hala ere, arropaz jantzitako ahate baten pertsonaia marraztu daiteke, adibidez, baina ezin da Donald ahatearen pertsonaiaren irudia bere horretan kopiatu eta helburu komertzialekin erabili.

3.      Parkean kontzertu bat antolatzea

Agertokia: Parkea

TubeT-ek ikastetxeko jolastokian kontzertu bat antolatzea erabaki du, eta Jaimeri, bere abeslari gustukoenari, abestea eskatu dio. TubeTek bere jarraitzaileak gonbidatu ditu ikuskizunera, eta kontzertua zuzenean eman du YouTubeko bere kanalean. Nola hartu behar ditu kontuan youtuberrak egile-eskubideak, kontzertu bat antolatzerakoan?

Paperak:

TubeT, youtuberra

TubeT youtuber ezagun bat da. YouTubeko kanal batzuetarako edukia ekoizten du, eta 100.000 jarraitzaile baino gehiago ditu. Bere kanaletako batean bideo bat argitaratzen du egunero. Urtero antolatzen den Tubecon ekitaldian ere parte hartu du. TubeTen kanalik ezagunena @TubeT da.

Jaime, abeslaria

TubeT Jaimeren fan sutsua da. Jaimek abestiak bere kasa edo taldearekin idazten ditu. Uda honetan jaialdi askotan aritu da, eta datorren urtean bira bat egingo du. Aurten, Jaimek artista berri onenaren Emma saria irabazi du.

Rafa, agentea

Rafa Jaimeren agentea da. Jaime artista ospetsu bihurtu aurretik ezagutu zuen. Jaimeren kontu guztiez arduratzen da: kontzertu eta birak adosteaz, marketinaz eta baita ordutegiez ere. Rafak mugitzen ditu hari guztiak. Agenterik gabe, Jaime berandu iritsiko litzateke beti, edo behar ez den lekura joango litzateke.

Max, TubeTen jarraitzailea

Max aspalditik da TubeTen jarraitzaile. Iaz Tubecon ekitaldian ikusi zuen, eta harekin selfi bat egitea lortu zuen. Max ere bideoak egiten eta YouTubeko bere kanalean argitaratzen hasi zen.

Mara, TubeTen jarraitzailea

Mara duela gutxi hasi da TubeT jarraitzen. Parkean antolatzen ari diren kontzertuan ezagutzeko irrika bizia du. Mara Jaimeren fan ere bada.

Eztabaidatzeko ikuspegiak, irakaslearentzat:

  • Leku publiko batean (parkean edo ikastetxe bateko jolastokian, adibidez) musika-ekitaldiak antolatzen direnean, musikaren sortzaileen baimena behar da. Baimena egile-eskubideak kudeatzen dituen erakundeak ematen du: SGAE edo SEDA.
  • Kontzertua zuzenean emateko ere interpretatzaileekin akordioa egin behar da.
  • Kontzertua zuzenean emateko, musika-sortzaileen baimena ere behar da. Ezin da YouTube, Facebook eta Instagramen kontzertuko bideorik argitaratu baimenik gabe.
  • Askotan, pieza baten musika eta hitzak pertsona batek asmatu eta beste batek jotzen ditu. Musika erabiltzeko, konpositorearen eta kanta-idazlearen baimena behar da.
  • Musika-interpretatzaileek (abeslari eta musikariek, adibidez) beren emanaldien egile-eskubideak dituzte. Eskubide hurko esaten zaie.
  • Orokorrean, leku publikoetan bideoak grabatu daitezke, baldin eta norberak erabiltzeko badira. Hala ere, kontzertu eta antzeko emanaldi batzuetan, grabatzea debekatzen dute. Esaterako, fan batek abeslari baten emanaldia argitaratu nahi badu YouTuben, Instagramen eta abarretan, baimena eduki behar du artistak grabatzeko eta bideo hori zabaltzeko.

4.      Koreografia bat erabiltzea

Agertokia: Amaiaren etxea

Amaiak koreografia berri bat asmatu du Rober-en abesti arrakastatsu berrirako, eta TikToken argitaratu du. Koreografia zabaldu egin da TikToken, eta beste erabiltzaile batek, Carmenek, koreografia bera dantzatu eta bere kanalean argitaratu du. Roberrek koreografia aurkitu du TikToken, eta bere bideoklip berrian kopiatu du, koreografoa Amaia dela adierazi gabe. Roberren fan batek, Vegak, Roberren abesti berria zabaldu du, eta koreografia berria goraipatu du, ikusgarria eta paregabea omen delako. Nola jokatu beharko luke Amaiak?

Paperak:

Amaia

Amaia Roberren fan sutsua da, eta haren abestietarako koreografiak asmatu eta TikToken argitaratzen ditu. TikTokeko bere kanalak 1.000 jarraitzaile baino gehiago ditu Euskal Herrian eta atzerrian.

Rober, abeslaria

Roberren ibilbidea goraka hasi da, eta datorren udako jaialdietarako kontzertu asko hitzartu ditu. Sormen handiko kanta-idazlea da, eta abesti berrietarako hitzak erraz asmatzen ditu. Bideoklip berrietarako dantza-mugimendurik ez zaio bururatzen, ordea.

Carmen, TikTokeko erabiltzailea

Carmen TikTokeko erabiltzaile sutsua da. Dantza dibertigarriak egiten grabatzen du bere burua eta, gero, bideoak TikToken argitaratzen ditu. Askotan, dantzak berak asmatzen ditu, baina, tarteka, beste pertsona batzuek pentsatutako dantza-mugimenduak ere zabaltzen ditu.

Vega, Roberren fana

Vegak asko miresten du Rober. Bizi den hirian eman dituen kontzertu guztietara joan da. Ikastetxeko ikasturte-amaierako emanaldian, Roberren kanta bat abestu du. Vegak edozer gauza egingo luke datorren udako jaialdian Roberrek emango duen kontzertura joateko.

Amaiaren laguna

Amaiaren lagunak ere asko miresten du Rober. Dantzazalea da eta bideoklipetako koreografietan arreta handia jartzen du. Roberren bideo berrian, Amaiak asmatutako koreografiako mugimenduak antzeman ditu. Bideoa Amaiari erakutsi dio.

Eztabaidatzeko ikuspegiak, irakaslearentzat:

  • Amaiak bere koreografiaren egile-eskubideak izan ditzake, nahikoa originala bada, hau da, egilearen aukera sortzaile eta pertsonalak adierazten baditu.
  • Egile-eskubideak izateak esan nahi du egileak erabaki dezakeela bere obra (adibidez, koreografia bat) non eta nola erabil daitekeen.
  • Beste pertsona baten obra erabiltzen denean, egilearen izena aipatu behar da beti. Beste pertsona batek sortutako obra bat ezin da zure izenean edo zurea balitz bezala interpretatu.
  • Abeslariak Amaiaren koreografia erabili nahiko balu, Amaiari baimena eskatu beharko lioke.

5.      Idazle bati elkarrizketa

Agertokia: Liburu Azoka

Rikiri idaztea gustatzen zaio, eta idazketa-lehiaketan parte hartu du. Bere testuak irabazi du lehiaketa, eta Liburu Azokan elkarrizketatu dute. Editore bati eta zinema-ekoizle bati istorioa interesatu zaie, eta istorioari buruzko liburu bat eta film bat egin nahi dituzte. Pentsatu nola izan zaitezkeen idazle, liburuak nola sortzen diren, idazle-lanbideak zerekin duen lotura eta kultura-sortzaile batek nola ateratzen duen bizimodua.

Paperak:

Riki, idazle afizionatua

Rikik izugarri atsegin du idaztea. Betidanik idazten du. Institutuan, bere literatura-saiakerak eskolako egunkarian argitaratu zituzten. Fantasiazko liburu bat ere idatzi du, baina oraindik ez dio inori erakutsi.

Kike, editorea

Kike irakurle porrokatua da. Istorio arrakastatsuak aurkitzeko sen ona du, eta argitaratzen dituen liburu asko oso ondo saltzen dira. Editoreak idazleei laguntzen die irakurleak aurkitzen eta liburuak saltzen. Idazleak eta editoreak liburua argitaratzeko kontratu bat sinatzen dute, eta liburua paperean, formatu elektronikoan edo audioliburu gisa argitaratzen da.

Pablo, zinema-ekoizlea

Pablo pertsona bohemio eta xelebrea da. Gogoa erraz berotzen zaio istorio interesgarriekin, eta filma ekoizteko finantziazioa lortzen hasten da. Zinema-ekoizleek filma egiteko lantaldea eratzen dute: zuzendaria, gidoigilea, antzezleak eta abar.

Emilio, elkarrizketatzailea

Emilio kazetaria eta ekitaldi-aurkezle ospetsua da. Fantasiazko liburuak asko gustatzen zaizkio, eta, Rick Riordanen Percy Jacksoni buruzko liburu guztiak ez ezik, J. K. Rowlingen Harry Potterren den-denak ere irakurri ditu. Rikiren idazkiarekin gogoberotuta dago.

Kamilo, Rikiren laguna

Kamilo Rikiren laguna da, eta egile-eskubideak oso ondo ezagutzen ditu. Unibertsitateko aldizkarian artikulu bat argitaratu du. Kamilori lagunei laguntzea gustatzen zaio, eta blog bat du Interneten.

Eztabaidatzeko ikuspegiak, irakaslearentzat:

  • Edonor izan daiteke sormen-industriako egile, baita gu ere. Norberak bere istorio, ideia eta pentsamenduak ditu, eta haiekin liburuak, artelanak, abestiak, filmak eta jolasak sor daitezke, besteak beste.
  • Sormen-industriako egileek hainbat iturritatik lortzen dituzte diru-sarrerak.
  • Egileek (idazleek, adibidez), maiz, liburua amaitzen dutenean eta editoreren bati argitaratzea interesatzen zaionean bakarrik jasotzen dituzte diru-sarrerak.
  • Sormen-industriako egileek erabilera-eskubideak bereiz adosten dituzte; adibidez: liburua argitaratzea, zinemako eskubideak, audioliburua ateratzea, irrati-komediak eta antzezlanak sortzea…
  • Egileen diru-sarreren parte handi bat egile-eskubideen erregaliei dagokie.

6.      Talentu-lehiaketa

Agertokia: Telebista-estudioa

Izarne akrobata da, eta telebistan emango duten talentu-lehiaketa batean parte hartu du. Horretarako, emanaldi berezi bat asmatu du. Nagore, epailea, eta Patxi, ekoizlea, liluratuta daude, emanaldia oso originala baita. Patxiri gustatuko litzaioke Izarnek bere bigarren programan ere parte hartzea. Izarneren lagun bat, Mikel, ikusle gisa joan zen telebistara, eta emanaldia grabatu eta Snapchaten eta Instagramen argitaratu zuen, istorio gisa. Antzezlanean, hausnartu ezazue egile-eskubideen inguruko zer gai hartu beharko lituzketen kontuan Izarnek, Patxik eta Mikelek.

Paperak:

Izarne, akrobata

Izarnek izugarri atsegin ditu akrobaziak, eta, ahal duen guztietan, familiako ospakizunetan eta ikastetxeko jaietan emanaldiak egiten ditu; baita bere etxeko patioan ere, bizilagunentzat.

Nagore, epailea

Nagorek epaile gisa parte hartu du talentu-lehiaketan. Pertsona nahiko bitxia da, eta arropa deigarriak janzten ditu. Epaile maitea da, eta lehiakideak beren sormena aurkitzera animatzen ditu beti.

Patxi, ekoizlea

Patxik teleerrealitateko eta bizimoduaren inguruko hainbat telesail ekoiztu ditu. Ausarta da, eta beti betetzen du programatutakoa. Telebista-estudioko korridoreetan korrika batean ibiltzen da batetik bestera, irribarretsu. Ekoizleen ardura da telebista-programa garaiz amaitzea eta dena antolatu bezala ateratzea.

Mikel, Izarneren laguna

Mikel Izarneren lagun ona da, artista grinatsua. Magia-trukoak atsegin ditu gehien. Askotan, Izarnerekin batera aritzen da emanaldietan.

Mireia, Izarneren laguna

Mireia, Izarne eta Mikel lagun onak dira, eta askotariko ekitaldiak antolatzen dituzte elkarrekin. Normalean, Mireia aurkezle izaten da. Mireiak egile-eskubideen berri jaso du Egile Eskubideen Ikasgelan, eta lagunei azaltzen die ikasitakoa, poz-pozik.

Eztabaidatzeko ikuspegiak, irakaslearentzat:

  • Artista eszenikoek –antzezle, dantzari eta zirkuko artistek, besteak beste– egile-eskubideak sortzen dituzte beren emanaldietan.
  • Beste pertsona baten emanaldia grabatu eta Interneten edo sare sozialetan argitaratu ahal izateko, harekin akordioa egin behar da.
  • Telebista-programetan, egile-eskubideak egile eta antzezleekin adosten dira.
  • Gogoan hartzea komeni da, baita ere, telebista-estudioetan, orokorrean, programak ezin direla grabatu.
  • Telebista-programetan, egileek eta ekoizleek egile-eskubideak dituzte, eta, beraz, haien baimena behar da programak grabatzeko eta, adibidez, Interneten zabaltzeko.
  • Guk geuk ere intimitaterako eskubidea dugu, eta, lagunen bat ageri den argazki edo bideoak sare sozialetan edo Interneten argitaratu nahi baditugu, baimena eskatu behar diogu.

7.      Komikilaria

Agertokia: Komikilari baten estudioa

Maiteren komiki berriak jende askoren arreta erakarri du. Telefonoa jo eta jo ari da, eta mezuak heltzen zaizkio etengabe. Ametsek, zinema-ekoizle batek, komikiaren animazio-film bat egin nahi du. Publizitate-agentzia batek komikiko pertsonaia erabili nahi du enpresa batek eskatu dion kanpaina batean; kanpaina natura zaintzeari buruzkoa da. Amaiurri Maiteren komikiak izugarri gustatzen zaizkio, eta komiki berriko pertsonaia jarri du Snapchateko eta TikTokeko bere profiletan. Zer hartu beharko luke kontuan Maitek bere egile-eskubideen gainean?

Paperak:

Maite, komikilaria

Maite marrazkilari kartsua da, eta komiki batzuk egin ditu. Bere azken komikietako pertsonaia nagusia behi abenturazale bat da. Iaz, Maitek Komikilarien Elkarteko Arkatza saria irabazi zuen.

Amets, zinema-ekoizlea

Ametsek animazioko hainbat film ekoitzi ditu. Pertsonaia interesgarriekin segituan gogoberotzen da, eta haien inguruan istorioak asmatzen eta animazioa ekoizteko finantziazioa bilatzen hasten da. Zinema-ekoizleek animazio-filma egiteko lan-taldea eratzen dute: bikoizketako antzezleak eta abar.

Ibai, diseinatzaile grafikoa

Ibai diseinatzaile grafikoa da, eta publizitate agentzia txiki batean lan egiten du. Iragarkiak, kartelak eta liburuxkak marrazten ditu. Askotan, egile-eskubideekin arazoak izaten ditu; irudiak eta musika erabiltzen dituenean, adibidez.

Amaiur, zalea

Amaiur komiki-irakurle amorratua eta Maiteren fana da. Komiki-bilduma handi bat du etxean, eta sare sozialetan komiki onez hitz egitea atsegin du. Maiteren komiki berriko pertsonaia, Behia, asko gustatu zaio, eta haren irudia jarri du TikTokeko eta Snapchateko bere profiletan.

Behia, Maiteren komikiko pertsonaia

Maiteren komikiko pertsonaia zintzoa eta adeitsua da, eta gauza berriekin berehala gogoberotzen da. Behiak ingurumena zaintzen du eta birziklatzeko aholkuak ematen ditu. Azkenaldian, Behiari egile-eskubideak interesatzen zaizkio.

Eztabaidatzeko ikuspegiak, irakaslearentzat:

  • Komikilariek iturri askotatik ateratzen dute bizibidea; adibidez, aldizkari, egunkari eta argitaletxeei beren lanak argitaratzeko eskubideak salduz. Komikietako pertsonaiak promozio-produktu bihur daitezke, baita film edo telesail ere. Komikilariek beren komikien jatorrizko zirriborroak ere sal ditzakete.
  • Komiki baten filma, promozio-materiala edo liburua egin nahi izanez gero, komikilariarekin akordioa adostu behar da.
  • Baimenik ez badugu, ezin dugu beste pertsona batek egindako komikirik kopiatu edo argitaratu, ezta komiki horretako pertsonaiarik ere.

8.      Musikal baterako entzunaldia

Agertokia: Antzoki bateko agertokia

Gilenek eta Katalinek musikal berri bat egin dute. Candelak eta Zuriñek datorren udazkeneko musikalik garrantzitsuenean parte hartu nahi dute. Hiriko antzokian antolatu duten entzunaldi batean parte hartu dute. Gilen eta Katalin egile-eskubideen inguruan zer gai kontuan hartu pentsatzen ari dira.

Paperak:

Gilen, gidoilaria

Gileni musikalak izugarri gustatzen zaizkio. Lehoi erregea eta Operako mamua ikusi ditu Broadwayen (New York). Bere musikala egiteko ametsa izan du beti.

Katalin, konpositorea

Katalinek musikalak eta antzerkia gogoko ditu. My Fair Lady eta The Sound of Music ehun aldiz ikusiko zituen, gutxienez. Gainera, bere konposizioak ere egin ditu.

Candela, abeslaria

Candelak abeslari profesional izateko ametsa du. DBHko 4. mailan Egile Eskubideen Ikasgelako musikalean abestu zuen, eta aire zabaleko antzezlan amateurretan parte hartu du.

Zuriñe, dantzaria

Zuriñek txikitatik dantza egin du. Dantza-eskoletako emanaldi batzuetan parte hartu du, baina oraindik ez du antzoki handietan dantza egin. Bere idolo nagusia Shirley Temple da, Hollywoodeko izarra.

Diana, zuzendaria

Dianak hainbat musikal zuzendu ditu. Duela gutxi, Egile Eskubideen Ikasgelako musikala zuzendu du, eta hiriko antzokirako musikal berri bat antolatzen ari da.

Eztabaidatzeko ikuspegiak, irakaslearentzat:

  • Gidoilariak eta zuzendariak ez ezik, musikaleko antzezle eta interpretatzaileek ere jabetza intelektualeko eskubideak dituzte (zehazki, eskubide hurkoak).
  • Musikal bat egiten denean, jabetza intelektualeko eskubideak egile, antzezle eta interpretatzaile guztiekin adostu behar dira; adibidez: musikala emateko eskubideak, bideoz grabatzeko eskubideak eta grabaketa erabiltzeko eskubideak.
  • Musikari dagokionez, eskubideak kudeatzen dituzten erakundeen baimena behar da.
  • Beste norbaiten gidoia erabiltzen bada, dramagilearen edo gidoigilearen baimena ere behar da obra antzezteko.
  • Aitzitik, gidoia dagoeneko argitaratuta dagoen liburu batean oinarrituta egiten bada, jatorrizko obraren egilearen baimena behar da literatura-lana antzerkirako moldatzeko.