3. Ekoizpen propioa

  1. ESKEMA, GIDOIA, PLANA
  2. MATERIAL-MOTA DESBERDINAK ERABILTZEA
    Orokorrean, beste pertsona baten obra bat erabiltzeko, egile-eskubideen titularraren baimena behar da. Egile-eskubideek obra bat adierazteko modua babesten dute. Obra bateko informazioa, ideiak, printzipioak, metodoak eta argudioak libre erabil daitezke, baldin eta zure hitzekin idazten badituzu edo zeure obra sortzeko erabiltzen badituzu.

    Egile-eskubideak Interneten ere baliozkoak dira. Interneten zabaldu eta argitaratutako irudi, testu eta bestelako obrak erabiltzeko ere egilearen baimena behar da. Gerta daiteke egileak Creative Commons lizentzia batekin bere obra erabiltzea baimendu izana. Obra hori lizentziaren baldintzetan baimendutakoaren arabera erabil dezakezu.

    Begira ezazu, proiektuaren laburpenean, obrak erabiltzeko zer baimen dauden.

    Obrak erabiltzeko baimenei buruzko informazio gehiago behar izanez gero, kontsultatu auladerechodeautor.org webgunea.
  3. ITURRI BATEKO TESTUA AIPATZEA
    Jabetza Intelektualari buruzko Legearen arabera, argitaratutako obra baten aipuak har daitezke, baldin eta zati bat bakarrik erabiltzen bada; aipu, analisi, iruzkin edo iritzi kritikoa egiteko bada; irakasteko edo ikertzeko bada; eta egilearen izena eta iturria adierazten badira. Aipuen mugaren baldintzak betez gero, ez da egilearen baimenik behar. Aipuak zure testu edo aurkezpenean lantzen ari zaren gaiarekin zerikusia izan behar du. Beste hitz batzuetan esanda, aipuak lotura estua eduki behar du zure obrarekin. Aipuak helburua betetzeko behar diren heinean erabil daitezke. Obra bat aipatzean, gogora ezazu egilearen eta obraren izena adieraztea.

    Erreferentziak egiten direnean, iturriko testuaren edukiak jatorrizko testuko berbera izan behar du: mezua ez da itxuraldatu behar, ezta tonua aldatu ere.

    Testu bat honela aipatuz erabil daiteke:
    –         zeharka, hau da, zein testutatik hartu duzun adieraziz; edo
    –         zuzenean, hau da, testua aipatuz.

Beste pertsona baten testu bat iturria adierazi gabe aipatzea edo beste pertsona baten testua zuretzat hartzea, baimendu gabeko aipu bat egitea da, hau da: plagioa.

  1. ITURRIAK AIPATZEA
    Beste pertsona batek sortutako obra bat erabiltzen baduzu, egilearen izena eta iturria adierazi behar dituzu beti, jardunbide egokien arabera. Testuan jarritako aipuak komatxoekin adierazten dira, eta iturria aipatzen da. Saiakera, aurkezpen, proiektu eta bestelako idazkien amaierako bibliografian egoten da iturriei buruzko informazio zehatza.

    Iturriak zehatz-mehatz aipatu behar dira; liburu, aldizkari eta bestelako iturri inprimatuetan, adibidez, orrialdea adierazten da. Interneteko iturriei dagokienez, argitaratutako egunaz gain, webgunea kontsultatutako eguna ere adierazten da; izan ere, webguneko edukia aldatu egin daiteke irakurri eta gero.

    Hemen dituzu era askotako informazio-iturriak aipatzeko jarraibide eta adibideak.

    Unibertsitateetan eta goi-mailako ikastetxeetan, diziplina bakoitzak iturriak aipatzeko bere metodoa du. Begira ezazu zure goi-mailako ikastetxean nola jarduten duten dagokizun ikerketa-eremuan.

    Beste pertsona baten lan edo testua zurea balitz bezala aurkeztea plagioa da. Plagioak egile-eskubideak urratzen ditu.

Beste pertsona baten obra erabiltzen denean, egilearen izena eta iturria aipatu behar dira beti.

  1. EKOIZPEN PERTSONALAREN HELBURUA ETA IKUSPEGIA EGIAZTATZEA
    Hausnartu zure ekoizpenak zer asmo duen, dagokion helburua nola betetzen duen, zein den datuen kantitatea eta kalitatea eta nor diren hartzaileak.

Lanerako aholkua:

Bilatu Interneten eta beste iturri batzuetan (liburuak, aldizkariak eta abar) eskolako gaiarekin edo ikasteko zereginarekin zerikusia duen informazioa. Trebatu materialen erreferentzia bibliografiko egokiak eginez.

3. Ekoizpen propioa