Lantegia: Liburu baten trailerra

Egilea: Marjukka Peltonen

Liburu baten trailerra liburu bati buruz hitz egiteko modu bat da, eta, aldi berean, zure irakurketa-esperientziari heltzeko eta beste irakurle batzuk liburura erakartzeko. Trailer bat modu askotan egin daiteke. Guztiek multimediako formatu motzeko narrazioa dute komun: bideoko narrazioa eta irudia, testua, narratzailearen ahotsa edo musika, uztartuta.

Liburuaren trailerra ez da liburuaren aipamen bat. Trailerra ez da liburuaren argumentuaren sinopsi bat; aitzitik, pixka bat besterik ez du kontatzen: gertaerei, gertakarien lekuari eta liburuaren protagonistari buruzko zerbait liluragarria. Liburuaren trailerrak, halaber, asko esaten du irakurleari buruz eta berak nola esperimentatu zuen liburua.

Liburu baten trailerra proiektua irakurketa-klubekin konbina daiteke. Trailerraren proiektuaren aurretik, irakurketa-klubak antolatu behar dira, eta liburu komunak irakurri talde txikitan.

Proiektua ezagutza-sorta zabalarekin lotuta dago, baita hizkuntza eta literaturarekin ere. Ikasturte eta irakaskuntza-maila guztietarako ikasketa-planen helburuen eta edukien barruan daude multialfabetizazioa, informazio- eta komunikazio-teknologietako trebetasunak, pintura eta hizkuntza bidezko ekoizpena, askotariko testuak erabiltzea eta interpretatzea, eta egile-eskubideen printzipioak ulertzea eta aplikatzea. Proiektuan, taldean lan egin daiteke zenbait irakasgairen artean.Liburutegia bisitatu eta harekin lankidetzan jardun daiteke. Proiektuan, egile-eskubideak eta horiek ekoizpen pertsonalean aplikatzea ere berrikusten dira.

Gida hemen deskargatu dezakezu pdf formatuan. Atazak inprimatzeko aukera ere baduzu, hemen.

Honako hauetarako egokia: Lehen Hezkuntzarako, DBHrako, Batxilergorako eta Lanbide Heziketarako

Iraupena: 4-6 eskola. Liburuaren trailerra egin aurretik, ikasleek irakurrita edukiko dute berek aukeratutako liburu bat.

Ikasketa-helburuak:

  • Ikasleak zenbait literatura eta literatura-motarekin ohitzera bultzatzea eta animatzea, bai eta irakurketa-esperientziak besteekin partekatzera ere, multimedia-ingurune batean.
  • Ikasleak beren hizkuntza eta irudimena pintura eta hizkuntza bidezko adierazpenaren bidez garatzera animatzea.
  • Ikasleak informazioa eta ideiak sortzeko eta aurkezteko askotariko baliabideak baliatzera bultzatzea.
  • Ikasleak gidatzea multimedia-ingurune batean testu narratiboak, deskriptiboak eta bestelakoak sor ditzaten, askotariko bitartekoak erabilita.
  • Egile-eskubideak ulertzen eta errespetatzen ikastea.
  • Askotariko gailu eta aplikazioak erabiltzen ikastea, eta interakzioko eta talde-laneko trebetasunak sustatzea.

Lantegia egitea

Liburu baten trailerra proiektuaren programazioa

Trailerraren proiektuaren aurretik, irakurketa-klubak antolatu behar dira, eta liburu komunak irakurri talde txikitan. Trailerra egiteko, gomendagarria da oso ezagunak ez diren eta beren irudi-mundua sortua ez duten liburuak aukeratzea.

1. eskola. Liburuaren trailerraren ideia aurkeztea. Eginda dauden liburu-trailerren adibideak.

2. eskola. Irudien bilaketa. Egile-eskubideekin eta irudiak erabiltzeko jardunbide egokiekin ohitzea.

3. eskola. Testu lantegia.

4. eskola. Liburuaren trailerra muntatzea.

5. eskola. Musika eta azken ukituak.

6. eskola. Liburuaren trailerra estreinatzea.

Liburuaren trailerra eta egile-eskubideak

Liburuaren trailerra egitean egile-eskubideak errespetatuko dira:

  • Liburuaren zuzeneko aipuak argi eta garbi nabarmenduko dira.
  • Trailerrean, irudiak eta musika erabiltzean egile-eskubideak errespetatuko dira: norberak sortutako irudiak eta musika erabiliko dira edo Creative Commons lizentzia dutenak, edo behar diren baimenak lortuko dira.
  • Egile/ikasle guztiek baimena emango dute berek egindako irudiak eta musika erabiltzeko.
  • Egile/ikasle guztiek liburuaren trailerra argitaratzeko baimena emango dute, eta pozik egongo dira azken emaitzarekin.

Trailerrak egitean, egile-eskubideez hitz egingo da. Zer esan nahi dute egile-eskubideek? Norentzat sortzen dira? Nola gehi dakizkioke irudiak eta musika norberaren lan bati? Zer aipa daiteke? Liburu baten trailerra proiekturako laburpena Egile Eskubideen Ikasgelaren webgunean dagoen laburpen-makinatik inprima daiteke. Aprobetxa itzazu irakaskuntza-maila bakoitzerako jolasak eta iturriak aipatzeko adibideak ere.

Proiektu baten laburpena

Egile Eskubideen Ikasgelako laburpen-makina

Lanari berari ekin aurretik, pentsatu behar da nola aurkeztu eta argitaratu nahi diren liburuen trailerrak. Zer hautatzen den, halako material-motak erabili ahalko dira trailerretan.

Liburuaren trailerreko irudiak

Trailerraren ilustrazio gisa, eskubiderik gabeko irudiak edo erabiltzeko baimena eman diguten irudiak erabil daitezke. Halaber, dibertigarria da nork bere irudiak sortzea, baina, askotan, urtaroarekin eta tokiarekin lotutako trabei aurre egin behar zaie.

Garrantzitsua da balioestea aipu-muga aplikagarria den, edo kasuan kasuko entitate kudeatzaileari kontsulta egitea.

Irudien eta argazkien kasuan, VEGAP da baimena eska dakiokeen entitate kudeatzailea. Irudiak bilatzea eta haien erabilera-eskubideak begiratzea ariketa bikaina da aldi berean informazioa bilatzeko eta egile-eskubideak lantzeko.

Liburuaren trailerra Interneten partekatzen bada:

  • Trailerrean erabilitako irudiak norberak sortutakoak izango dira, edo Creative Commons lizentzia izango dute.
  • Liburuko ilustrazioak ez dira trailerrean erabiliko argitaletxeari edo ilustratzaileari baimena eskatu gabe.
  • Dagokion entitate kudeatzaileri ere kontsulta egin dakioke: ilustrazioen kasuan, VEGAP da, eta liburu-editoreak ordezkatzen dituen entitate kudeatzailea CEDRO da.

Irudiak bilatzeko, gako-hitz egokiak pentsatuko dira lehenago. Trailerrean irudi bat baino gehiago erabiliko dira.

IRUDIETARAKO IDEIA-JASARAKO AHOLKUAK:

  • Egin ezazu liburuaz pentsatzean burura datozkizunaren zerrenda (pertsonak, tokiak, gauzak…). Zer hitzekin deskribatuko zenuke liburuaren giroa?
  • Bihurtu zure zerrendako pertsonak eta lekuak funtzionatuko duten gako-hitz. Ez bilatu izena, baizik eta aurkitu zure gako-hitz bat zure pertsona edo lekua nolakoa den deskribatzeko.

Adibidez: Dumbledore irakaslea: zaharra, bizarra, aztia; Hogwarts: gaztelu zaharra.

  • Bilaketan nolako arrakasta duzun, zehaztu edo zabaldu zure hitz gakoak.

Adibidez: auto zaharra: automobil-marka jakin bat; hegazti exotikoak: papagaio, ostruka.

  • Aukeratu hamar bat hitz zure zerrendatik, pentsatuz haien argazkiak izatea gustatuko litzaizukeela zure trailerrerako. Komenigarria da argazki gehiagoren ideietan pentsatzea, ziurrenik ez baitituzu topatuko nahi dituzun irudi guztiak.Esate baterako, Kristina Ohlsson-en Zilarraren mutila polizia-eleberriko irudien zerrenda:

ur-dorre zaharra, aztarnak elurretan, hiri txikia neguan, zama-ontzia, portu txikia neguan, jatetxea, gizon haserretua, zilarrezko kaliza, egunkari zaharra, ispilu zaharra, ispilu bateko isla, aurpegia leiho batean, gela iluna.

Irudien iturriak

Bilatzaile batekin bilatu beharrean (Google, etab.), irtenbide on eta seguru bat da irudien erabilera-baldintzak argi eta garbi eta lekuan bertan irudi bakoitzaren ondoan adierazten diren onlineko zerbitzuen irudiak bilatzea. Flickr-ek ondo funtzionatzen du ikasleek ingelesez bilatzen baldin badakite. Pixabay-n, gaztelaniaz ere funtzionatzen du bilaketak.

Gorde irudi guztien iturria. Hau egin dezakezu:

a) kopiatutako irudiaren helbide osoa gorde, edo

b) irudiaren pantaila-argazkia egitea, irudiaren egilearen datuak ikusteko moduan.

Egile Eskubideen Ikasgelako irakaslearentzako materialetan daude irakaskuntza-maila bakoitzerako iturriak aipatzeko adibideak.

DBHko 3-4. mailan iturriak aipatzeko adibideak

Irudi baten web-helbide zehatza kopiatzea da onartzen den modu bakarra bilatzailearen bidez bilatzen direnean irudiak. Pixabayn eta antzeko irudi-zerbitzuetan, irudiak eskuratzeko eskubidea doakoa da, eta nahikoa da irudi-zerbitzuaren helbidea adieraztea trailerreko irudien iturriaren datu gisa. Irudia CC (Creative Commons) lizentzia batekin partekatzen bada, erabilitako CC lizentzia ere aipatu beharko da beti irudiarekin batera. Adibidez, irudia: Egilearen izena, iturria, CC-BY.

Irudiak bilatzea zaila da, gero! Gogoratu liburu baten trailerra ez dela irudiak bakarrik. Irudi batzuk ez dira aurkituko; gauza horiek testuan deskriba ditzakezu. Hondo-musikak erabat alda dezake irudi baten giroa.

Liburuaren trailerreko testuak

Narrazio interesgarria lortzea da liburuaren trailerreko irudien eta testuen konbinazioaren helburua. Beti istorio bera kontatzen bada irudian zein testuan, azken emaitza aspergarria da.

LIBURUAREN TRAILERREKO TESTUAK IDAZTEKO AHOLKUAK

1. metodoa. Istorioa bost esalditan

Ariketak liburuaren istorioa honela kontatzen laguntzen du: liburuaren istorio guztia ez, pasarte liluragarri bat bakarrik aukeratzen du irakurleak. Trailer bat egitean, zailena  gehiegi ez kontatzea izaten da. Liburuaren trailerra ez da liburuaren argumentuaren sinopsia, ezta hasierako gertaera guztiena ere.

Aukeratu liburuko pasarte interesgarri edo zirraragarri bat. Idatzi pasarte honen kontakizun bat bost esalditan.

  1. Lehenengo esaldian, deskribatu gertakarien lekua eta haren giroa.
  2. Bigarren esaldian, pertsonaia nagusia edo liburuan ageri den norbait. Hasi esaldia pertsonaren izenarekin, eta kontatu zer egiten duen.
  3. Hirugarren esaldian, giroa edo gertaeren nondik norakoa aldatzen duen zerbait, edo zerbait erabakigarri edo transzendentala gertatzen da.
  4. Laugarren esaldian, deskribatu berriz gertakarien lekua, eta kontatu zertan aldatu den giroa.
  5. Bosgarren esaldian, deskribatu protagonistaren erreakzioa, edo kontatu zer egiten duen protagonistak egoera horretan.

Ondo dago zure istorioan gertatzen ari dena erabat amaitu gabe geratzen bada.

Kristina Ohlssonen  en Zilarraren mutila polizia-eleberriaren trailerrerako testu-proposamena: Ur-dorre zaharreko sotoa ilun zegoen. Aladdin bere amak jatetxerako behar dituen ahozapien bila dabil. Aladdinek bilatzen zuena aurkitzen duenean, zarata bat entzuten da atean. Beste norbait sartu ote da sotoan? Aladdin ez da ausartzen buelta ematera, baina zeharka begiratzen dio aurrean duen ispiluari.

2. metodoa. Gainerako hitzak

Irudiak bilatu ondoren, zerrendan zenbait hitz geratuko dira, irudirik gabe geratu direnak. Pentsatu bost esaldi, soberan geratu diren hitz horiek erabiltzeko. Hitz solteek ere ondo funtzionatzen dute trailer baten testu gisa.

Trailerra muntatzea

Irudiak bilatu eta testuak pentsatu ondotik, materiala hartu eta trailerra muntatzeko garaia da. Liburuaren trailerra muntatzean, bideo-narrazio sinple eta xumea egingo da. Aukeratu testu-koadroak edo atzeko planoko irudiak egiteko tresna moldagarriak ere eskaintzen dituen editatzeko aplikazio bat.

Irudiak bilatu, eta zuzenean trailerra muntatzen eta aldi berean testuak pentsatzen hasiz gero, erraza da testuek irudien istorio bera kontatzea. Trailerraren narratiba aspergarri bihurtzeko arriskua dago.

Aplikazioei buruzko aholkuak:

iOS gailuetarako aplikazioak: iMovie ezaguna izaten da. Aukeratu film-oinarri bat, ez aplikazioaren trailerrerako txantiloia. Splice aukera ona da, testu-koadroak eta atzeko planoko irudiak egiteko ondo funtzionatzen baitu.

Ordenagailuan, gomendagarria da, adibidez, Spark probatzea, Adoberen nabigatzailean oinarritutako editorea. Sparkek Adobeko gakoekin saioa hastea eskatzen du.

Android gailuetarako aplikazioak: FilmoraGo, VideoShow

Trailerreko musika

Zein da liburuaren giroa? Abenturaz betea, tristea, suspensezkoa, kezkagarria, atsegina? Musika bilatu edo konposatu aurretik, egin liburuaren giroa deskribatzen duten hitzen zerrenda bat. Musikarekin, zure trailerraren giroa eta aurkitu dituzun irudien tonalitatea erabat aldatu ere egin dezakezu.

Liburuaren trailerraren musika atseginagoa da norberak egiten badu.

Editoreen musika-liburutegiak

Editoreen musika liburutegietan, badago musika erabiltzeko prest. Editorearen musika-liburutegia txikia bada, litekeena da musika entzunegia egitea. Irakurri arretaz erabilera-eskubideak editorearen edo musika-liburutegiaren erabilera-baldintzetan edo lizentzia-baldintzetan.

«Eskubiderik gabeko musika»

«Eskubiderik gabeko musika» gako-hitzekin material ugari dago Interneten. Musika artxiboen transferentzia erronka bat da. Gailu batetik bestera grabatzea larrialdietan lagungarri gisa erabil daiteke, azken erabilerarako kalitate handirik behar ez bada.

BAIMENAK

Zure bideoan musika erabiltzeko, oro har, eskubideen titularraren baimena beharko duzu. SGAE, SEDA eta AIE erakundeek ematen dituzte lizentzia horiek, zeini dagokion.  Jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzeko kasuan kasuko entitatean ere kontsulta dezakezu. SGAEk, adibidez, film laburretan edo webguneetan musika erabiltzeko lizentziak eskaintzen ditu.

Liburuaren trailerraren azken irudia

Liburuaren izenburua ez da agertzen azken irudira arte. Egin liburuaren azalaren argazki bat, osagarri eta dekorazio batzuk ere sartuta. Hartu inspirazio-iturritzat liburuaren azala beste argazki bat egiteko. Horrela, ez dituzu liburuaren azalaren egilearen eskubideak urratzen, liburua barne hartzen duen zeure obra ilustratua sortu baituzu.

Idatzi egilearen datuak liburuaren ondoan: idazlearen izena eta liburuaren izena, baita liburuaren trailerraren egileen izenak ere, nahi duzuen formatuan.

Amaierako kredituak

Itxiera-kredituetan egilearen datuak eta trailerrean erabilitako irudi eta musika guztien iturriak sartu behar dira.

Estreinatzea

Teknikak funtzionatzen badu, ikasleei gogorarazi behar zaie besteen lana errespeta dezatela eta iruzkin onak egin ditzatela. Lan guztiek txaloak merezi dituzte. Trailerren ondoren, komeni da galdetzea ea trailer horiek interesik piztu zuten gehiago irakurtzeko.

Argitaratzea

Liburuen trailerrak Interneten argitaratu nahi badituzu, trailerraren egile guztiekin ados jarri behar duzu argitaratzeko, eta argitaratzeko behar diren baimen guztiak (irudiak, musika eta egileak) daudela egiaztatu. Kontuan izan adingabeen lana Interneten argitaratzeko tutoreen baimena ere behar dela beti.

Ikastaldean edo ikastetxeko sare itxian ere argitaratu daiteke.