Miniantzezlana edo minifilma

Miniantzezlan- edo minifilm-proiektuen asmoa da egile-eskubideen arloko trebetasunak ikastea eta lantzea, antzerkiaren, norberaren sortze-lanaren eta informazio-bilaketaren bitartez. Antzerkiaren bitartez, ikasleek bat egin dezakete egileek hainbat egoeratan dituzten baldintzekin.

Honako hauetarako egokia: DBHrako eta Batxilergorako.

Aholkua:

Miniantzezlan baten ordez minifilm, animazio edo gidoi soil bat egin daiteke. Antzezlana atzerriko hizkuntza batean ere egin daiteke, hizkuntza hori irakasteko.

Iraupena: 2-3 eskola.

1. eskola: antolatzea + entseatzea.

2. eskola: antzeztea edo filmatzea eta editatzea.

3. eskola: obrak antzeztea edo bideoak ikustea.

Helburuak:

  • Informazio-bilaketaren, ekoizpen sortzailearen eta egile-eskubideen inguruko trebetasunak lantzea.
  • Taldean lan egiteko trebetasunak eta trebetasun sozialak eskuratzea.
  • Adiskidetasuna eta elkartasuna sustatzea.
  • Antzezteko trebetasunak eskuratzea eta ikusleen portaera ezagutzea.

Proiektuan, talde-lana hainbat irakasgaitan egin daiteke. Irakasgai hauetarako da bereziki egokia: hizkuntza eta literatura, historia, gizarte-zientziak, erlijioa, etika, ikusmen-arteak eta musika. Proiektuak ezagutza-sorta zabalarekin du zerikusia (L4 eta L5).

Irakaslearentzako jarraibideak

  • Miniantzezlan edo minifilmak 3-5 ikasleko taldetan egitea.
  • Talde bakoitzak antzezlanen makinan zotz egingo du ea zein egoera antzeztuko duen, baita ikasle bakoitzak zein pertsonaia jokatuko duen ere. Talde bakoitzak egoera desberdin bana izan dezan, zozketa gailu berean egin behar da.
  • Ikasleak dagoeneko sortutako egoera, paper eta pertsonaietan banatu ditzakezu, edo ikasleei utz diezaiekezu paperak banatzen. Zozketa betiko moduan egin daiteke, egoeraren eta pertsonaiaren fitxa ontzi batetik aterata, adibidez. Jolasteko makina bideo gelan eta esteka honen atzean aurki daiteke.
  • Guztira 8 egoera eta egoera bakoitzerako 3-5 paper daude. Egoera eta paperak hemen daude.
  • Egoera bera talde batek baino gehiagok antzeztu dezake, eta 3-5 ikasleko taldeak egin daitezke. Ikasleek antzezlanerako beste paper batzuk asma ditzakete, baita pertsonaien izenak aldatu edo izen berriak pentsatu ere.
  • Inprima itzazu egoeren fitxak aurretik, eta eman talde bakoitzari egoera, agertokia eta pertsonaiak deskribatzen dituen orria. Inprimatzeko fitxak hemen daude.
  • Antzezlanaren gidoia elkarrekin egingo dute ikasleek. Miniantzezlanak edo minifilmak 5-10 minutu iraun dezake, adibidez.
  • Obraren helburua egile-eskubideak lantzea da. Gidoiari dagokionez, asmoa da egileentzat egile-eskubideek zenbateko garrantzia duten adieraztea eta gertakari batek eta pertsona batzuen ekintzek obrako pertsonengan zer eragin izan dezaketen azaltzea.
  • Gidoia idazten dutenean, ikasleek egile-eskubideei buruzko informazioa bila dezakete. Webgune honetan egile-eskubideei buruzko informazioa daukate: auladerechoautor.org. Aurkezpen honetan, egile-eskubideei buruzko informazioa Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleentzako formatu egoki batean bildu dugu.
  • Obren ondoren, ona da obraren gaiarekin zerikusia duten egile-eskubideei buruz elkarrekin eztabaidatzea; adibidez: zer esan nahi duten egile-eskubideek, zer garrantzi duten sortze-industriako egileentzat, nik neuk zer etekin atera diezaiekedan egile-eskubideei eta nola errespeta ditzakedan beste pertsona batzuen egile-eskubideak. Obra bakoitzaren testuinguruan eztabaida egiteko ikuspegiak bildu ditugu zuretzat.
  • Antzezlanak zure ikasleek sortutako obra paregabeak dira. Lan bat sortze hutsagatik, egileek egile-eskubideak dituzte.

Filmak eta animazioak egiteko argibideak hemen aurki daitezke:

Film-proiektu baten laburpena

Animazio-proiektu baten laburpena

Ikasleentzako jarraibideak

Sor ezazue egoerari buruzko miniantzezlan bat. Zer gertatzen da egoera horretan? Zer eragin izan dezake gertakari horrek hainbat pertsonarengan? Zer pentsa dezakete pertsona horiek zerbait egin baino lehen? Zer jarrera desberdin izan dezakete pertsona horiek egoera horretan?

Pentsa ezazue gertakariei buruz, batez ere, pertsonen egile-eskubideen ikuspegitik. Interneten bila dezakezue egile-eskubideei buruzko informazioa; adibidez, Egile Eskubideen Ikassgelaren web-orrian (www.auladerechodeautor.org).

Nahi izanez gero, zuen antzezlanari izenburua eta pertsonaiei izenak jar diezazkiekezue.