Komikiaren proiektuak helburu du ikasleak gidatzea komikien bidez esploratzera eta beren burua eta ingurunea adieraztera. Helburu du, halaber, ikasleek ikusizko baliabideak eta informazioa eta ideiak sortzeko eta aurkezteko beste modu batzuk erabil ditzaten sustatzea. Horretaz gain, egile-eskubideen oinarrizko kontzeptuak errepasatu eta ekoizpen pertsonalean aplikatzeko ere bada proiektua.
Proiektuak ezagutza-sorta zabalarekin du zerikusia. Ikasturte eta irakaskuntza-maila guztietarako ikasketa-planen helburuen eta edukien barruan daude multialfabetizazioa, pintura eta hizkuntza bidezko ekoizpena, askotariko testuak erabiltzea eta interpretatzea, eta egile-eskubideen printzipioak ulertzea eta aplikatzea. Proiektuan, taldean lan egin daiteke zenbait irakasgairen artean. Proiektua egokia da, bereziki, ikusizko arteak eta hizkuntza eta literatura irakasteko.
Norentzat da? Lehen Hezkuntzarako, DBHrako, Batxilergorako eta Lanbide Heziketarako
Iraupena: 2-3 eskola.
Egile Eskubideen Ikasgelako onlineko materiala (egile-eskubideei buruzko jolasak, laburpenak eta irakaslearentzako materialak)
Komikia egile-eskubideek babestutako literaturako eta ikusizko arteetako obra da. Egileak bere komikiagatik jasotzen ditu egile-eskubideak, eta editoreak ere eskubideak izango ditu.
Egile-eskubideek esan nahi dute egile zaren aldetik erabaki dezakezula sortu duzun obra nola partekatu edo argitaratu nahi duzun eta nola erabil dezaketen beste pertsona batzuek. Egile-eskubideei esker, sormen-lanen egileek (idazle, aktore, abeslari, konpositore eta ikusizko artistak, besteak beste) konpentsazioa jaso dezakete egindako lanagatik, eta lan berriak sortu ahal izango dituzte lan horiek goza ditzagun.
Egile-eskubideei buruzko informazio gehiago aurki dezakezu Ikasgelako egile-eskubideei buruzko informazioa atalean.
Komikian, irudia, testua eta istorioa uztartzen dira. Pertsonaia abenturazalea izaten da. Komikia bineta batetik bestera doa aurrera egiten. Normalean, ezkerretik eskuinera irakurtzen da. Japoniako manga komikiak (Espainian ere ospetsuak dira) eskuinetik ezkerrera irakurtzen dira.
Komiki bat diseinatzeko, lehenengoa bilbearen eta istorioaren garapena da, baita pertsonaia sortzea ere. Komikian, pertsonaiak pertsonak, animaliak, maitagarrien ipuinetako izakiak edo ia edozer izan daitezke.
Lehenik, istorioaren gidoi bat idazten da (sinopsia). Istorioak hasiera bat izango du (nola hasten den guztia), erdiko zati bat (egoera iraultzen da, sorpresa bat) eta amaiera bat (nola amaitzen duen guztiak). Hori binetetan jarriko da komikian. Komiki bat egitean, komeni da gogoraraztea komikiaren edukiak ez duela inor iraindu behar.
Komiki bat marrazten hasteko, marraztu komikirako lauki-sare bat. Lauki-sareekin jolas daiteke: ez dute zertan erregularrak izan guztiek, ezta tamaina berekoak ere, eta ez da nahitaezkoa laukizuzenak izatea. Eragin handiagoa izateko, saia zaitezke bineta baten ingerada erabat marraztu gabe uzten.
Komikia diseinatu eta marraztean, komeni da ikuspegi-angeluak eta irudiaren irismena pentsatzea: bineta batzuk ikuspegi zabal batetik egin daitezke. Adibidez, hiri-irudi handi bat, baso bat edo beste paisaiaren bat. Pertsonaiak ere urrutitik marraztu daitezke. Beste irudi batzuk, berriz, xehetasun handiko lehen planoak izan daitezke. Halaber, pertsonaiak ez du zertan binetaren erdian egon beti, edo baliteke agertu ere ez agertzea.
Komiki baten jatorrizko tamaina argitalpenaren tamaina baino handiagoa izaten da. Besteak beste, bineta handiago batean leku handiagoa dago marrazteko eta xehetasun handiagoz egiteko, eta elkarrizketa-globoetako testua argiago idazteko. Gomendagarria da lehenik testua idaztea eta gero elkarrizketa-globoak marraztea.
Egin bineten eta elkarrizketa-globoen zirriborroa arkatzarekin. Amaitzeko, zure lana errepasatu dezakezu punta fineko errotulagailu batekin eta pintzel batekin, eta irudiak eta binetak koloreztatu, nahi baduzu. Tresna bat baino gehiago probatzean, marrazteko zure modu gogokoena aurkituko duzu.
Zeure komikian marrazten edo irudien argazkiak ateratzen dituzunean, egile-eskubideak sortzen dituzu haiengatik. Beste norbaitek egindako irudi edo marrazki bat erabili nahi baduzu, egilearen baimena behar duzu, oro har. Adibidez, komiki, marrazki edo bestelakoetako pertsonaiak egile-eskubideek babestutako obrak dira, eta, beraz, ezin dituzu kopiatu.
Ikusi Laburpena: Komiki bat sortzea
Pentsatu non eta nola aurkeztu nahiko zenuketen zuen komikia, non argitaratu beharko litzatekeen eta zergatik han.
Begiratu ea badituzuen erabiltzeko eta argitaratzeko behar diren baimen guztiak, obran beste norbaitek sortutako obrak erabili badira, hala nola irudiak edo testuak (Ikusi Laburpena: Komiki bat sortzea). Ikasleak elkarrekin komiki bat egiten ari badira, egokia da haiekin adostea nola partekatu ahal izango den lana. Adibidez, horietako batek komikia Interneten partekatu nahi badu, egile guztien baimena beharko du.
Azkenik, ebaluatu nola garatu ziren zeure trebetasunak lana egitean. Aztertu, halaber, nola jaso ditzakezun iruzkinak eta iradokizunak zeure lana hobetzeko.
Egin ezazue zuen ikastaldeko komikien aldizkaria ikasleek sortutako komikiekin. Komikiekin erakusketa bat ere egin daiteke ikasgelan edo ikastetxeko korridorean.
Gogoratu baimena eskatu behar zaiela egileei komikiak argitaratzeko edo erakusteko.