Proiektuaren ideia bikoteka edo talde txikitan jolas bat egitea da, egile-eskubideak ikasteko. Ikasleek beren jolasaren edukia diseinatuko dute; egile-eskubideei buruzko informazioa bilatuko dute; jokoaren galderak egingo dituzte; arauak idatziko dituzte; jolas-taula marraztuko dute, eta jokoa beste modu batera kodetu edo prestatuko dute. Jolasak amaitu ondoren, ikastalde osoarekin jolastu ahal izango dute.
Norentzat da? Lehen Hezkuntzarako, DBHrako, Batxilergorako eta Lanbide Heziketarako
Proiektuan, taldean lan egin daiteke zenbait irakasgairen artean. Proiektua oso egokia da, zehazki, informatika, hizkuntza eta literatura, ikusizko arteak, gizarte zientziak, historia eta matematika irakasgaietarako. Proiektuak ezagutza-sorta zabalarekin du zerikusia.
Jolasa mahai-joko edo karta-joko bihur daiteke; galdetegi bat presta daiteke; jolasa bera kodetu daiteke, edo erabiltzeko prest dauden aplikazioak erabil daitezke. Gida honek ez du jarraibiderik ematen jolasa kodetzeko edo aplikazioei buruz. Hala ere, jarraibideak aurki ditzakezu Interneten bilatuz, edo aholkua eska diezaiokezu irakasleari.
Pentsatu zer jolas-mota egon daitezkeen. Zer iritziko zenioke egile-eskubideen gaiak ikasteko jolas dibertigarri eta egoki bati?
Pentsatu nola irabaziko den jokoan. Joko askotan, helmugara iristen den lehena edo puntu gehien lortu dituena da irabazlea.
Erabili jolas ezagunak ideiak ateratzeko: Trivial Pursuit jokoak eta Afrikako Izarra jokoak ez dute era berean funtzionatzen, adibidez. Batak ezagutzak probatzen ditu, eta, bestean, harribitxi bat bilatzen da.
Pentsatu nola funtzionatuko duen jolasak. Dadoak jaurtiko dira; kartak altxatuko dira, ala gezi bat biraraziko da? Puntuak pilatuko dira, ala misioak beteko dira? Irteerako laukitxotik helmugakoraino jarraitu beharreko ibilbide bakarra egiten duzu, ala noranzko edo norabide batean baino gehiagotan ibil zaitezke jolas-taulan edo jolas-taularen inguruan? Edo bideojoko bat kodetzen ari zara, eta horretan maila batetik bestera egingo da aurrera, edo galdetegi bateko galderei erantzungo zaie?
Dauden jolasen ideiak aprobetxa ditzakezu. Ideiak ez daude babestuta, baina ezin dituzu beste jolas bateko testua, irudiak, jolas-taula eta abar kopiatu zeure jolasera.
Lehenik eta behin, egin jolas-taularen zirriborro bat paperean. Kartoizko edo birziklatutako materialekin egin dezakezu jolas-taula. Zenbait figura txiki balia ditzakezu (plastikozko animaliak, Lego panpinak, antzinako jolasen piezak, eta abar). Ordenagailuan ere kodetu dezakezu jokoa.
Interneten, badaude mahai-jolasen txantiloiak inprimatzeko prest, eta zeure jolas-txantiloia sortzeko balia ditzakezun mahai-jolasen sorgailuak.
http://www.toolsforeducators.com/boardgames/
http://people.uncw.edu/ertzbergerj/word_games.html
http://donnayoung.org/homeschooling/games/game-boards.htm
Galdera-sortak egiteko prest dauden aplikazioak ere erabil ditzakezu, hala nola Kahoot, Quizlet eta Socrative.
Jolasaren helburua egile-eskubideei buruz ikastea da. Besteak beste, galdera-sorten edo baieztapenen bidez ikas daitezke egile-eskubideak jolasean. Adibidez, jolasean, galderak edo baieztapenak dituzten kartak egon daitezke, eta haien erantzunek zehazten dute nola egiten duen aurrera jokalariak jolas-taulan edo zenbat puntu irabazten dituen.
Bilatu Interneten egile-eskubideei buruzko informazioa. Aztertu zein diren egile-eskubideei buruzko oinarrizko ezagutzak. Zer ikasi beharko zenukete zuk eta ikaskideek egile-eskubideei buruz jolasten ari zareten bitartean?
Lehen Hezkuntzan informazioa bilatzeko aholkuak hemen aurki ditzakezu, adibidez:
https://opentunti.fi/plans/show/3757/mediataidot-4lk-tiedonhaku
Galdera bakoitzak, adibidez, 3-4 erantzun-aukera izan ditzake, eta horietako bat bakarrik zuzena izan. Galderak, halaber, egia ala gezurra erantzuteko baieztapenak izan daitezke, edo irudiekin egindako enigmak.
Galdera-sortekin eta jokoekin Egile Eskubideen Ikasgelan eta Tekijänoikeus.fi webgunean ohitu zaitezke, eta bertan ideiak bilatu zeure jolaseko galderak egiteko.
www.www.auladerechodeautor.org
https://tekijanoikeus.fi/tietovisat/
Galdera-sortako galderetarako eredua:
Nor jotzen da egiletzat?
Jarduera-txarteletarako bi eredu:
a) Zeure talde gogokoenaren musika Spotifyn entzuten duzu. Horretatik, artistak hileko ordainketaren eta publizitatearen zati bat jasotzen du. Lauki bat aurreratu.
b) Zeure talde gogokoenaren kontzertu baten bideoa grabatu duzu, eta YouTuben partekatzea erabaki duzu. Hori ez dago baimenduta musika sortzaileen eta bandaren baimenik gabe. Beraz, bideoa YouTubetik ezabatuko da. Bi laukitxo atzera egiten duzu zure fitxarekin, eta txanda batez geratuko zara pentsatzeko nola joka dezakezun besteen egile-eskubideak ez urratzeko.
Jolas bat argitaratu aurretik, erakustaldi bat egin ohi da, eta horretan jolastu, eta proban jarri. Helburua da ikustea ea ulerterrazak diren jolasaren jarraibideak, arauak eta galderak eta behar bezala funtzionatzen duen denak. Beste norbaiti ere eska diezaiokezu zure jolasa probatzeko.
Nahi izanez gero, sare sozialetan partekatu ditzakezu jolasa edo haren argazkiak, nola egin zen erakusten duten bideoak, eta abar. Jolasa beste norbaitekin batera sortu baduzu, zuek guztiok ados egon beharko duzue jokoa Interneten edo sare sozialetan partekatu edo argitaratu ahal izatearekin.
Gogoratu jolasaren sortzaile guztien eta haien tutoreen baimena behar duzula jolasa edo haren argazkiak eta bideoak partekatzeko sare sozialetan.
Gainera, ez ahaztu jolasaren sortzaile guztien izenak adieraztea, eta egiaztatu beste norbaitek sortutako obrak (hala nola irudiak edo musika) erabili eta partekatzeko behar diren baimenak dituzula. Egile-eskubideak egilearenak dira!
Sare sozialetan partekatzean, erabili #juegodederechosdeautor, #auladelderechodeautor eta @CEDROenlinea etiketa.